Beti-betiko izaerari eutsiko dio Egia-Iriondok
Ondarroako Udalak bigarrenez antolatu du Egia-Iriondo memoriala, eta Unai Barrenetxea kirol zinegotziak nabarmendu duenez, iazko antzeko formatuan egingo dute, baina betiko izaerari eutsiz. Aurtengoa ere zapatuan egingo dute, abenduaren 29an. Giro poli...
Parte hartu nahi dutenek abenduaren 26an eta 27an izena emateko aukera izango dute Turismo Bulegoan, 12:00etatik 13:00etara. Izen ematea doakoa da, eta herritarrak ezeze, herritarrak ez direnek ere parte hartu dezakete. Haurrak eta gaztetxoak hasita daude ikastetxeetan aurrez izena ematen.
Nagusien lasterketa hasi aurretik, gaztetxoentzat antolatutako lau lasterketa egingo dituzte. Aringa-aringa egiten lehenak 2011 urtean edo beranduago jaiotakoak izango dira. 11:15ean Zeledonio parean hasi, eta 250 metroko ibilbidea osatu beharko dute gurasoen laguntzagaz. 2009an eta 2010an jaiotakoek ibilbide bera egingo dute, baina 11:25ean hasita. 2007an eta 2008an jaiotakoentzat 500 metroko ibilbidea prestatu dute; Zaldupeko Zubitik irtengo dute 11:40an. Azkenik, 2003-2006 urteetan jaiotakoek kilometro bat egingo dute; 11:55ean Kamiñazpiko biribilgunetik irtenda.
Doako autobus zerbitzua
Lasterketa nagusia 12:30ean hasiko da Berriatuko kordeleria parean, eta hara joan nahi dutenek doako autobus zerbitzua izango dute, Astillerutik, gaztetxoen lasterketak amaitu ostean.
Ibilbidea ohikoa izango da, Jose Mari Aranbarri Egia-k eta Martin Iriondok 1983 urtean eginiko apustua oinarri hartuta. 4,25 kilometroko tartea nahikoa gorabeheratsua baldin bada ere, ia edozeizenek egiteko modukoa da, «tarteren bat edo beste oinez egin behar bada ere».
Lehia alde batera utzita, lasterketan parte hartzea bera izango da garrantzitsuena, eta lortutako marka edo sailkapena gutxienekoa.
Amaitzeko, sari banaketa egingo dute Alde Zaharreko oholtza gainean, eta jakitera eman dutenez, bertan Egia eta Iriondo lasterketaren protagonista biak egongo dira sariak banatzen.
Ume eta gazte guztientzat sariak egongo dira, eta kategoria nagusiko irabazle eta lehen hirurentzat txapela eta oroigarriak. Horrez gain, hainbat produktu zozkatuko dituzte parte hartzaileen artean.