10 euroko 1.200 bonu atera dituzte Lekeitioko kontsumoa sustatzeko
Herriko merkataritzan kontsumoa suspertzeko helburuagaz, Lekeitioko bonua ekimena jarri du martxan aurten ere Lekeitioko Udalak Kitto Merkatari Elkarteagaz elkarlanean. Herritarrek 10 euroko bonua eskuratuko dute, eta bonu horrek 15 euroko balioa izang...
Guztira 1.200 bonu aterako dituzte, eta gaurtik aurrera egongo dira eskuragai, Lekeitioko BBKko orotariko kutxazainean. «Bonu bi lortu daitezke kreditu txartel bakoitzeko», zehaztu du Eguzkiñe Arrasate Kittoko lehendakariak. Azaldu duenez, bonuak pilagarriak dira, «baina gehienez bi batu daitezke».
Bonuak 2018ko urtarrilaren 6ra arte (egun hori ere barne) bitartean erabili ahalko dira, ekimenera atxikitako dendetan. Denda atxikita dagoen hala ez jakiteko, dendak erakusleihoan kanpainako kartela izango duela azaldu dute. Herriko denda guztiek parte hartu dezaketela kanpainan jakitera eman du Kitto elkarteko lehendakariak. Horretarako udaletxera jo behar dute izena ematera, eta dagokion dokumentazioa aurkeztu beharko dute.
Gabonetan horrelako bonuak ondo etortzen direla aitatu du Arrasatek, eta herritarrak Lekeition erostera animatu ditu. «Denok dakigun modura merkataritza galtzen ari da, eta gu udalagaz batera, batez ere denda txikiak aurrera ateratzen saiatzen ari gara».
Horrela, Gabonen inguruan zenbait ekintza egingo dituzte udalak eta merkatari elkarteakbatera. Argiteria piztu zuten joan den barikuan, bonuak aterako dituzte orain, eta umeentzako puzgarriak jarriko dituzte etzi. 11:30etik 14:30era egongo dira plazan.