Turismo natural eta jasangarriaren aldeko proiektua, irabazle
Irati Arrienen Glamping Busturialdea proiektuak irabazi du eskualdeko enpresa ideia lehiaketa. Ander Etxaniz eta Borja Txertudiren Hondabizi geratu da bigarrenIrati Arrien Jauregiren Glamping Busturialdea proiektuak jaso du Busturialdeko Enpresa Ideia ...
Irati Arrienen Glamping Busturialdea proiektuak irabazi du eskualdeko enpresa ideia lehiaketa. Ander Etxaniz eta Borja Txertudiren Hondabizi geratu da bigarren
Irati Arrien Jauregiren Glamping Busturialdea proiektuak jaso du Busturialdeko Enpresa Ideia Lehiaketaren 3.000 euroko lehen saria. Hilabete batzuk barru proiektua martxan izatea espero du: «Lanean ari gara, eta espero dugu laster emaitza ikustea. Elkarri laguntzea eta institu- zioetatik ere zelan laguntzen eta babesten gaituzten ikustea garrantzitsua da», adierazi zuen sari banaketan.Busturialdean turismo natural eta jasangarria sustatzeko ostatu alternatiboa proposatzen du Arrienek. 22 urtegaz, Lidergo Ekintzailea eta Berrikuntzan (LEINN) graduatua da, eta azken urteetan nazioartekotze eta hezkuntza proiektuetan lanean aritu da hainbat lekutan: «Mundu osoan gure proiektuek inpaktua zutela ikusten genuen, baina neure inguruaren garapenerako ez nintzela ezer egiten ari konturatu nintzen. Eskualdearen aldaketan daukadan erantzukizunaren jabe naiz. Urdaibain garapenerako eta negozioetarako aukerak ikusten ditut».
Bigarren saria Ander Etxaniz de Miguel eta Borja Txertudi Gangoiti busturiarren Hondabizi proiektuak eroan du aurten (2.000 euro). Produktu lehiakorrak sortzeko hondakin organikoen kudeaketa, tratamenduak eta balio erantsiko soluzioak eskaintzen ditu: «Ideia sortzen ditugun hondakinek suposatzen duten arazotik agertzen da, hauek kudeatu eta berrerabilpen egoki bat emateko ideiatik. Busturialdean daukagun egoera aztertu ostean sortzen da ideia, merkatuan hau garatzeko aukera ikusten dugun eta ingurumenagaz eta jasangarria den bizitzeko modu bategaz konpromisoa duen enpresa bat martxan jarri nahi dugu». Etxaniz Geologian graduatua da, eta Ingurumenari aplikatutako bioteknologia ikasten ari da. Txertudi Elektromekanika ikasitakoa da, eta haren berbetan, landa eremuan bizi izaterakoan, txikitatik ezagutu du hondakin organiko ezberdinen balorizazioa, «bai lurren emankortasunerako, bai erabilera energetikoetarako».
Hamahiru proiektu
Negozio ideiok martxan jartzen laguntzeko jaso dituzte diru sariak, helburu nagusi bat eskualdean lanpostuak sortzea baita. Irabazleek urtebetez Arratzuko Elkartegian langune bat doan erabiltzeko aukera izango dute.
Bosgarren urtez antolatu dute lehiaketa Bermeoko eta Gernika-Lumoko udaletako Gazteria zerbitzuek eta Urremendi Landa Garapen Elkarteak, eta, aurten, hamahiru enpresa ideia aurkeztu dituzte. Denei eskerrak eman zizkieten Gernika-Lumoko Elai-Alai aretoan egindako ekitaldian, eta erakutsitako «gogoa, kemena, ausardia eta ilusioa sekula ez galtzeko» esan zieten.
Maitane Leizaola aldundiko Bizkaiko Behatokiko zuzendari nagusiak azpimarratu zuen erakundeen elkarlanagaz sinergiak sortzea dutela helburu: «Aukerak badaude Bizkaian. Ekintzailea izatea zerbait bada da iniziatiba edukitzea, ideiak edukitzea, amesten jakitea eta horiek aurrera ateratzeko nortasuna, gaitasuna, ilusioa eta indarra izatea».
Instituzioek aukerak, baliabideak eta erraztasunak eman behar dituztela gaineratu zuen, eta gazteek gura badute erakundeak bidelagun izango dituztela: «Ez zarete etorkizuna. Gaur daukazue zer esan, zer egin eta zer eman asko Bizkaiari, eta zeuon herrioi. Busturialdean bizi eta lan egiteko eskubidea daukazue. Ez itxaron inork soluzioak eta proposamenak ekartzea. Zuok piztu, zuok bultzatu erakunde publiko eta pribatuek nahi duzuen etorkizuna jaso dezazuen».
Aldundiaren Gaztedi Busturialdea proiekturen parte da Busturialdeko Enpresa Ideia Lehiaketa, Lana bilatzea, lana da programaren baitakoa.
Prestakuntza atala eta banakako aholkularitza atala daude aipatu programan, eta horien barruan, hainbat gauza lantzen dituzte. Aurten, hainbat ekintza jarri dituzte martxan, eta horietako bat da Gaztedi Busturialdea Beka. 24 urte bitarteko gazteei zuzendutako hamar beka banatu dituzte, eta horiek eskualdeko enpresetan jaso dute formakuntza, sei hilabeteko epean.
Ibon Legarza Kortezubiko alkateak hartu berri du Urremendi Landa Garapen Elkarteko presidente kargua, eta esan zuen urtero ekintza horretan gazteen aldetik halako partaidetza ikustea pozgarria dela: «Eskualdean egiteko gogoa badagoela esan nahi du. Herri handiek zein txikiek, denok behar dugu gazteak hemen geratzea; hemen bizitzea eta hemen lan egitea, eta eskualdeari zerbitzuak eskaintzea». Gaztedi Busturialdean eskualdeko 11 udalerri batzen dira, eta beste bederatzi udalei gonbidapena luzatu zien: «Denon artean, elkarlanean gehiago egiteko modua edukiko dugulako».