Maria Jesus San Jose Eusko
Jaurlaritzako Lan eta Justiziako sailburuak eta Ana Hormaetxe
Busturialdeko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitateko presidenteak hitzarmena sinatu dute gaur goizean udalerriko Gurutze Gorriaren egoitzan (Juan Kaltzada 63). Bertan baitago Familia Elkargunea. Biek ala biek Familia Elkargunea Busturialdera ekartzea berri pozgarria dela azpimarratu dute, eta epaileek ezarritako bisitak egin ahal izateko familia elkarguneetara joan behar duten adingabe eta familiekin duten konpromisoa berretsi dute.
Familia Elkargunea eskualdeko
familien bizi kalitatea eta ongizatea sustatuko dituen zerbitzua dela adierazi du Busturialdeko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitateko presidenteak. Gaur zabaldutako elkarlanerako bidea beste arlo eta zerbitzu batzuetarako eredugarria izatea espero dute, “herritarrek zerbitzu hobeak, hurbilak eta kalitatezkoak eskuragarri izan ditzaten nahitaezkoa delako erakundeen arteko lankidetza eta elkarlana”.
Familia elkarguneen bidez, adingabeek aitarekin, amarekin, tutorearekin edo beste familiarteko batzuekin harremana izateko daukaten eskubidea bermatzen dute. Doan erabiltzeko espazioak dira, ongizate zein segurtasun-berme guztiak eskaintzen dituzte familia-nukleoa adostasunik gabe hausten den egoeretan eta gatazka, tratu txar eta beste hainbat egoeretan. Diziplina anitzeko talde psikosozialak eta adituak dituzte (hezitzaileak, psikologoak, gizarte langileak eta koordinatzaileak), eta horiek uneoro zaintzen eta babesten dituzte adingabeak. Hain zuzen, aldiro-aldiro profesional horiek txostenak egiten dituzte, eta epaitegientzat lagungarri dira. San Josek nabarmendu du Familia Elkarguneen izaera aldibaterakoa dela, helburua bertan egiten dituzten bisitak elkargune hauen beharrizanik gabe egitea baita. Hau da, harremanotarako halako lekurik behar ez izatea.
Hormaetxe eta San Jose hitarmena sinatzen, gaur goizean.
Hormaetxek eskerrak eman dizkio sailburuari, elkarlanean aritzeko agertu duten gogoagatik eta bertoko erakundearengan jarri duten konfiantzagatik. “Zerbitzu honen bitartez gure eskualdeko eta inguruko herrietako haur eta nerabeek eta beraien familiek arreta hurbila eta kalitatezkoa eskura izango dute”. Gaur egun dozena erdi bat familia joaten dira Bilboko Familia Elkargunera tutoretzapeko bisitak eta trukeak egitera, eta hemendik aurrera Gernika-Lumoko instalazioak erabiltzen hasiko dira. “Zerbitzua deszentralizatuta ume zein familiei Bilborako joan-etorriak zein bestelako deserosotasunak edo trabak saihesten dizkiegu”, gaineratu du San Josek.
Zerbitzua Gernika-Lumon izatea
urteetako lanaren ondorioa dela zehaztu du, eta egitasmo hau posible egin duten erakundeak eta profesionalak aitatu ditu. Besteak beste, Mankomunitateagaz elkarlanean emakumeen aurkako genero indarkeriaren protokoloaren partaide diren erakunde eta baliabideak aipatu ditu, “urteetan zerbitzu honen beharrizana aldarrikatu dutenak”. Lea-Artibai eta Durangaldeko Mankomunitateak ere gogoan izan ditu, Eusko Jaurlaritzarekin elkarlanean aritu direlako zerbitzu hauek herri txikietara hurbiltzeko helburuarekin. Gernika-Lumoko Udalari ere eskerrak eman dizkio, zerbitzu honetarako leku egokia posible egin duelako, eta baita La Caixa Fundazioa ere, ekipamendua beraien lankidetzari esker dutelako.
Sailburuak gogoratu du Lan eta Justizia Sailak Bilboko, Donostiako eta Gasteizko Familia Elkarguneak kudeatzen dituela; legegintzaldi honen hasieran, Bizkaian, Araban eta Gipuzkoan bost Familia Elkargune zeuden. “Urte hasieran jarri zen martxan Bilboko Elkargune berria, apirilean Durangokoa inauguratu genuen, eta gaur Gernikakoa. Tolosarekin ere jada prest dugu hitzarmena. Apustu erabakigarri honek zehaztasunez islatzen du gizartearekin, oro har, eta epaileak deribatuta Familia Elkarguneak behar dituzten adingabeekin eta familiekin, bereziki, dagoen konpromiso-espiritua. Elkarguneetan 800 bat familia baino gehiagori ematen diegu arreta Bizgarri elkarteko profesionalen bidez, eta batez ere, 1.150 adingaberi, 3 urtetik 11 urtera artekoei”. EHUko Kriminologia Institutuak jasotako 2017ko datuak eman ditu. 842 familiako 1.145 ume eta horien 1.719 senide artatu zituzten.