Lea-Artibaiko triatletek Bizkaiko zirkuituko sariak jaso dituzte
Bizkaiko Triatloi Federazioak antolatuta, Bizkaiko triatloi eta duatloi zirkuituko sariak banatu zituzten zapatuan, Bilbon. Hain zuzen ere, 2018. urtean emaitzarik onenak lortu dituzten kirolariak eta taldeak saritu zituzten. Hainbat probetan banatzen ...
Guztira, zortzi sari jaso dituzte eskualdeko triatletek federazioaren eskutik. Triatloiko gizonezkoen absolutu mailan Ander Okamika Bengoetxea (ANB Triatlhon Team Portugaletekoa) eta Haritz Garate Txurruka (Amandarri Triatloi Kluba) lekeitiarrak lehen eta bigarren geratu dira, hurrenez hurren, eta emakumezkoen absolutu mailan ere bertokoak izan dira lehenengo biak: Mireia Arrillaga Murelaga (Garraitz Kirol Taldea) lekeitiarra eta Ioana Osa Larruzea (Koaxi H.I.B-T.T) ondarrutarra.
Kadete mailan lehenengo geratu da Julen Zamora Jauregi eta bigarren postua lortu du Paula Ugarteburu Etxebarrik, biak Lekeitioko Garraitz Kirol Taldekoak.
Beteranoen mailan ere postu onak lortu dituzte eskualdeko kirolariek. Alarabi Lea-Artibai Markina taldeko Zorion Kareaga Laka markina-xemeindarrak beteranoen lehen kategoria irabazi du, eta Ondarroako Koaxi taldeko Arantza Burgoa Agirregomezkorta beteranoen bigarren kategorian nagusitu da.