'Ikual: Gure gorputza berreskuratzen’ programa abiarazi dute Bermeon
Emakumeen ahalduntze eta jabekuntza sustatzeko helburua du programak, eta Mugi-Dantza Mugimendu Terapiak elkarteak antolatu du.
Ikual: Gure gorputza berreskuratzen Bermeoko Gizarte Ongizaterako Udal Patronatuaren barne dauden emakumeei zuzenduta dago. Taldeko esperientziaren bitartez, “gorputza eta burmuinaren arteko konexioa” landuko dute, “mugimendu eta emozioaren artekoa”, hain zuzen ere.
Bermeoko Udaletik zehaztu dutenez, programa 15 ordukoa da eta astero ordu eta erdiko talde saioetan gauzatuko dute, Bermeoko Udal Zaharren egoitzako gimnasioan. Programa dohainekoa da eta Bizkaiko Foru Aldundiko Berdintasuna, Lankidetza eta Herritarren Eskubideetako Zuzendaritza Nagusiko diru laguntza du.
Gorputza eta mugimendua. Programan lan egiteko erabiliko dituzten tresna nagusiak zeintzuk diren adierazi dute antolatzaileek: gorputzari eta mugimenduari emango diote protagonismoa, “esperientzia gorputzera eramanez, gorpuztuz”.
Azaldu dutenez, “bizi garen gizarte honetan gorputzetik oso deskonektatuta gaude, normalean gorputzaren kontzientzia minaren bitartez bakarrik sentitzen dugu edota gorputzarekin dugun harremana gizarteak inposaturiko edertasun kanonen bidez bizi dugu. Tailer honek buru-gorputz konexioan sakontzeko aukera eskaintzen digu ,emakumeon integritate psiko-fisikoa lortzeko bide bat bezala”.
Mugi-Dantza Mugimendu Terapia osasun arloan eta artean ibilbide desberdinetatik etorritako lau Dantza Mugimendu Terapeutak osatutako taldea da eta mugimenduaren erabilera psikoterapeutikoan oinarritzen da.