Bermeoko Udala 2018ko Bikaintasunerako Europako Labela jasotzeko hautagai izendatu dute
Bihar, 11:30etan jakinaraziko dute Gobernantzaren Bikaintasuneko Europako Zigilua – ELoGE 2018 merezi duten udal berriak zeintzuk diren. Horien artean, Bermeoko Udala izango da hautagaietako bat.
ELoGE Zigilua Europako Kontseiluaren tresna da, eta bere helburua “udalek Gobernantza oneko eta berrikuntza demokratikoko 12 printzipiotan aurrera egitea” da: etika, gardentasuna, parte-hartzea, kontu-ematea, kudeaketa finantzarioa, efikazia eta efizientzia dira, beste beste, printzipio horietako batzuk.
Bermeokoagaz batera Amurrioko, Legazpiko eta Zamudioko Udalak ere zigilua jasotzeko hautagaiak dira. Hautagai moduan parte hartu ahal izateko, udalek gobernantzako 97 praktika on frogatu behar dituzte autoebaluazioko 97 adierazletan, eta beren emaitzak egiaztatu gobernu taldeagaz eta oposizioagaz, bai eta herritarrekin ere, inkesten bidez.
Udal kudeaketa eraginkorraren alde. Udalek, EUDELek babestuta, hiru hilabete baino gehiago eman dituzte beraien talde politiko eta teknikoekin lanean, Euskadin egingo den ELoGE Zigiluaren bigarren ekitaldira aurkeztu ahal izateko.
Imanol Landa EUDELen elkarteburuak eta Alina Tatarenko Europako Kontseiluko ordezkariak hartuko dute zigilua jasoko duten udalak zeintzuk diren jakinarazteko ardura. Tatarenkok azaldu duenez, Europako Bikaintasun Labela “ez da azken helburu bat, abiapuntua baizik, pizgarri bat udal kudeaketa eraginkor eta efizientean pixkanaka aurrera egiteko”.
Modu horretara, “udalek gobernu onaren arloan eta, horrenbestez, herritarrentzako zerbitzu publikoen kalitatean etengabeko hobekuntzako ekintza planak inplementa ditzaten bilatzen eta sustatzen du ELoGEk”.