2019ko aurrekontuei begira, Bermeoko EAJ-k herriko ekonomia sustatzeko hainbat proposamen aurkeztu ditu
EH Bilduk 2019rako aurkeztu duen Udal Aurrekontuaren zirriborroari “hainbat zuzenketa” egin dizkiola azaldu du Bermeoko EAJk. Zehazki, “ibilgailuen zirkulazioa eta oinezkoen mugikortasuna hobetzera, herriko ekonomia suspertzera eta kale eta gune desberdinen garbitasuna hobetzera bideratu dituzte” proposamenak.
Jeltzaleek jakitera eman dutenez, aurkeztu dituzten zuzenketek 400.000 eurotik gorako kopurura iristen dira. Zenbateko horren %48a herriko jarduera ekonomikoa suspertzera bideratuta dagoela azpimarratu dute.
Aurkeztutako proposamenen artean, Bermeo eta Gaztelugatxe arteko autobus zerbitzuan prestatutako hobekuntzak nabarmendu dituzte. Horrela, urteko zubi guztietan, Aste Santuan eta uda sasoian Gaztelugatxe bisitatzera hurbiltzen diren bisitariak berriro herrigunera itzultzea lortu eta turismo iraunkor eta jasangarria bultzatu nahi dute.
“Gaztelugatxe Bermeorena da eta etekina atera behar diogu”, azaldu dute EAJkoek. “Gaztelugatxera etorriko diren bisitariak Bermeotik etortzea eta garraio publikoa erabiltzea lortu behar dugu. Halaber, ezinbestekoa da turista horiek herrira itzultzea, Bermeon kontsumitu dezaten eta herri honetan eskainiko zaien guztiaz goza dezaten. Gaztelugatxe aukera bat da herri honetako ekonomia bultzatzeko”.
Aritz Abaroa jeltzaleen bozeramailearen berbetan, “Gaztelugatxe, bermeotarrontzat hain esanguratsua den gunea bisitatzera datozen turistak, bisita hori modu jasangarrian egitea gura dogu: ibilgailu pribatua ahalik eta gutxien erabilita eta garraio zerbitzuaren kostua gure gain hartuta”.
Merkataritza. Bestalde, udalerriko alde zaharrean merkatal jarduerak bultzatzeko laguntzak indartu nahi dituztela aipatu dute, “bereziki gazteen artean ekintzailetza pizteko helburuagaz”.
Abaroak gaineratu duenez, “gure merkataritza eta herriko merkatal guneak biziberritzeko lana egin behar dugu. Merkataritzak bizia ematen dio gure kaleei, eta guztiz estrategikoa da Bermeo lo egiteko herria izan ez den”.
Mugikortasuna eta zirkulazioa. Mugikortasun arloan proposatu dituzten hobekuntzak ere nabarmendu dituzte EAJkoek. Azaldu dutenez, “Artike bidea, Ander deuna, Askatasun bidea, Tellaetxe eta Erreñe Zubi kaleak saihesbideagaz lotuko dituen errepidea epe laburrean eraikiko da”.
Lotura horiek “bermeotar guztiek nabarituko duten hobekuntza” izango dela diote, baina aldi berean, gune horretako zirkulazioa “orain baino handiagoa” izango dela eta horrek “neurriak hartzea” eskatzen duela uste dute. Beraz, aipatutako kaleen arteko bidegurutzean hobekuntzak eginez “ibilgailuentzat eta oinezkoentzat puntu baltza” den bidegurutze horri “amaiera jarri” nahi diote.
Autoak aparkatzeko guneak dira bermeotarren artean garrantzi handikoa den beste gai bat. Jeltzaleek, hori ikusita, txandakako sistema bat ezartzea proposatu dute. “Sistema honek beste herri batzuetan ondo funtzionatzen du eta, alde batetik, gaur egun aparkatzeko orduan ditugun arazoak arintzen eta, bestetik, herriko merkatal guneetatik hurbil aparkatzeko erraztasunak emanez, bertako kontsumoa suspertzen lagunduko liguke”, azaldu du Abaroak.
Talde jeltzaleak aurreko ekitaldietan izenpetutako akordioei esker lortu diren proiektuak ere aurrekontuan jaso beharko direla gogoratu du. “Legealdi honetan zehar, hainbat negoziaziori esker, Bermeoren etorkizunerako estrategikoak diren hainbat proiektu onartzea eta gauzatzea lortu dugu. EAJk legealdi osoa darama Bermeok aurrera egin dezan lan eginez” esanez bukatu du bozeramaileak.