Irati Arrien Jauregiren
Glamping Busturialdea proiektuak jaso du aurtengo 3.000 euroko lehen saria.”Gorabehera askoko mundua da, eta denok ditugu antzeko arazoak, elkarri laguntzea eta ikustea instituzioetatik ere zelan laguntzen eta babesten gaituzten ikustea garrantzitsua da”, adierazi zuen atzo iluntzeko sari banaketa ekitaldian. Hilabete batzuk barru bere proiektua martxan izatea espero du: “Horretan lanean ari gara eta espero dugu laster emaitza ikustea”. Bigarren saria, berriz, Ander Etxaniz de Miguel eta Borja Txertudi Gangoiti busturitarren
Hondabizi proiektuak eroan du (2.000 euro).
Negozio ideiok martxan jartzen laguntzeko jaso dituzte diru sariak. Lehiaketaren helburu nagusietako bat,
ekintzailetza bultzatzeagaz batera, eskualdean lanpostu berriak sortzea bermatzea baita. Gainera, proiektu irabazleek urtebetez Arratzuko Elkartegian langune bat doan erabiltzeko aukera izango dute, Busturialdeko Gazteria zerbitzuek ordainduko baitute langune hori.
Bosgarren urtez egin dute Bermeoko eta Gernika-Lumoko Udaletako Gazteria Zerbitzuek eta Urremendi Landa Garapen Elkarteak antolatutako lehiaketa, eta aurten,
13 enpresa ideia aurkeztu dituzte eskualdeko ekintzaile gazteek ( iaz
15 proiektu aurkeztu zituzten). Guztiei eskerrak eman zizkietan atzo iluntzean Gernika-Lumoko Elai Alai aretoan egindako ekitaldian, eta erakutsi duten “gogoa, kemena, ausardia eta ilusioa sekula ez galtzeko” esan zieten.
Epaimahaikideek honako irizpideak kontuan hartzen dituzte: izaera berritzailea izatea, balio erantsia eskaintzea edota originaltasuna; enplegua sortzeko duen potentzialitatea eta sortutako lanpostuen kalitatea; ekintzaile taldeak proiektua aurrera eramateko duen gaitasuna; Busturialdean proiektu hori aurrera eramateko aukera egotea edo eskualdean proiektu horrek eduki dezakeen egokitzapena; proiektuaren definizio-garapen maila; proiektuaren jasangarritasuna ekonomikoa eta ingurumenarekikoa eta gizarte-eragina.
Irati Arrien Jauregi saria jasotzen atzo iluntzean, Elai Alai aretoan.
Glamping Busturialdea. Busturialdean turismo natural eta jasangarria sustatzeko
ostatu alternatiboa proposatzen du Arrienek. 22 urtegaz, Lidergo Ekintzailea eta Berrikuntzan (LEINN) graduatua da eta azken urteetan
internazionalizazio eta hezkuntza proiektuetan lanean aritu da munduko hainbat txokotan: “Mundu osoan gure proiektuek inpaktua zutela ikusten genuen, baina neure inguruaren garapenerako ez nintzela ezer egiten ari konturatu nintzen. Eskualdeko hainbat jardunalditan parte hartu nuen orduan. Eskualdearen aldaketan dudan erantzunkizunaren jabe naiz. Urdaibain garapenerako eta negozioetarako aukerak ikusten ditut”, azaldu du.
Hondabizi ideia. Busturiarren proposamenak, ostera, produktu lehiakorrak sortzeko
hondakin organikoen kudeaketa, tratamenduak eta balio erantsiko soluzioak eskaintzen ditu: “Ideia sortzen ditugun hondakinek suposatzen duten arazotik agertzen da, hauek kudeatu eta berrerabilpen egoki bat emateko ideiatik. Busturialdean daukagun egoera aztertu ostean sortzen da ideia, merkatua hau garatzeko aukera ikusten dugu eta ingurumenarekin eta jasangarria den bizitzeko modu batekin konpromezua duen enpresa bat martxan jarri nahi dugu”. Etxaniz Geologian graduatua da eta Ingurumenari aplikatutako bioteknologia ikasten ari da. Txertudi, berriz, Elektromekanika ikasitakoa da eta haren berbetan, landa eremuan bizi izaterakoan, txikitatik ezagutu du hondakin organiko ezberdinen “balorizazioa, bai lurren emankortasunerako edo bai erabilera energetikoetarako”.
Busturiarrak bigarren saria jasotzen, atzo.
Maitane Leizaola aldundiko
Bizkaiko Behatokiko Zuzendari Nagusiak azpimarratu zuen erakundeen elkarlanarekin sinergiak sortzea dutela helburu, horrela, gazteentzako aukerak sortu ahal izateko: “Aukerak badaude Bizkaian. Ekintzailea izatea zerbait bada da iniziatiba edukitzea, ideiak edukitzea, amesten jakitea eta gero horiek aurrera ateratzeko nortasuna, gaitasuna, ilusioa eta indarra izatea”. Instituzioek aukerak, baliabideak eta erraztasunak eman behar dituztela gaineratu zuen. Etorkizuna lantzeko gaur beharrean hastearen garrantzia nabarmendu zuen, eta gazteek gura badute erakundeak bidelagun izango dituztela: “Ez zarete etorkizuna. Zuok gaur daukazue zer esan, zer egin eta zer eman asko Bizkaiari, eta zeuon herrioi. Eta horretarako dira halako plataformak. Planteatu iniziatibak; horrek piztu egiten gaitu. Busturialdean bizi eta lan egiteko eskubidea daukazue, baina, ez itxaron inork soluzioak eta proposamenak ekartzea. Zuok piztu, zuok bultzatu erakunde publiko eta pribatuek, zuok nahi duzuen etorkizuna jaso dezazuen”.
‘Lana bilatzea lana da’. Bizkaiko Foru Aldundiaren Gaztedi Busturialdea proiekturen parte da Busturialdeko Enpresa Ideia Lehiaketa,
Lana bilatzea, Lana da programaren barrukoa. Batik bat ekintzailetza kultura hedatzeko, Busturialdean lana eta aberastasuna sortzeko eta eskualdeko ekonomia sustatzeko helburuekin sortu zuten aipatu lehiaketa. Prestakuntza atala eta banakako aholkularitza atala daude aipatu programan, horien barruan, hainbat gauza lantzen dituzte urtean zehar: ekintzailetza, kooperatigintza, ezagupena,
coaching-a, elkarrizketak zelan prestatu, ikastaroak, formakuntza… Aurten hainbat ekintza jarri dituzte martxan, eta horietako bat da
Gaztedi Busturialdea Beka. 24 urte bitarteko gazteei zuzendutako hamar beka banatu dituzte, eta horiek eskualdeko enpresetan jaso dute formakuntza, sei hilabeteko epean. “Hauetako batzuk enpresan bertan geratu dira lan kontratu bategaz, eta pozgarria da guztiz”.
Ibon Legarza Kortezubiko alkateak hartu berri du Urremendi Landa Garapen Elkarteko
presidente kargua, eta adierazi zuen urtero-urtero ekintza honetan gazteen aldetik halako partaidetza ikustea pozgarria dela: “Eskualdean egiteko gogoa badagoela esan nahi du. Eskualdeko herri handiek zein txikiek, denok behar dugu gazteak hemen geratzea; hemen bizitzea eta hemen lan egitea, eta eskualdeari zerbitzuak eskaintzea”. Gaztedi Busturialdean eskualdeko 11 udalerri batzen dira, eta gainontzeko bederatzi udalei gonbidapena luzatu zien: “Denon artean, elkarlanean gehiago egiteko modua edukiko dugulako”.