Kazetari lanari buruz aritu gara Gernika-Lumoko Seber Altube Ikastolan
Lehenengoz bisitatu dugu Seber Altube ikastola, eta oso gustora igaro dugu bariku goiza. DBH 4. mailako bi taldegaz aritu gara kontu kontari.
Lea-Artibai, Mutriku eta Busturialdeko Hitza gertutik ezagutzeko aukera izan dute Busturialdeko lantaldeagaz. Gaurko egunkaria eskuetan, bertako gizarte, kirol zein kultur arloko artikuluak errepasatu ditugu. Horrela, gaurkoan zer berri dugun ezagutzeagaz batera, kazetaritzan erabiltzen diren testu tipologia nagusienei buruzko azalpenak emateko aukera izan dugu. Aurreko urteetan ikasitakoa errepasatu dute gugaz; albiste, iritzi artikulu, elkarrizketa edota erreportajeen ezaugarri nagusiak gogora ekarri dituzte, eta kazetariok horiek zelan egiten ditugun azaldu diegu.
Aurretik bisitatu ditugun beste hezkuntza zentroetan egin modura, Seber Altubeko ikasleekin ere busturialdea.hitza.eus webgunea zein sare sozialak ikusteko tartea ere hartu dugu. Horrela gure lana euskarri desberdinetan zelan jasotzen dugun ezagutu dute. Webgunea atalez atal aztertuz, argazki galeriak eta bideoak ere erakutsi dizkiegu. Halaber, sare sozialek duten garrantzia hizpide izan dugu, eta horiek zelan eta zertarako erabiltzen ditugun kontatu diegu.
Saio parte hartzaileak egitea da gure asmoa; Busturialdeko lantaldearen eta ikasleen artean hurbileko harremana izan gura dugu. Ume zein gaztetxoen galderak gustora erantzuten ditugu, eta gaur goizeko bisitan ere hainbat galdera egin dizkigute, eta pozik erantzun dizkiegu.
Urtarrilean gehiago. Gaur goizean Seber Altube Ikastolara egin dugun bisita izan da lehen hiruhileko honetako azkena. Urtarriletik aurrera ere, ikastetxez ikastetxe ibiliko gara. Esaterako, Barrutialdera egingo dugu bigarren hiruhilekoko lehen saioa.