Eñaut Elorrieta: "Harian proiektua nire argazki eguneratu bat izatea nahi nuen"
Harian proiektua orain beste fase batean sartu da, baina prozesu ireki baten barruan dagoen ekimena da, eta oraindik ere nik uste dut zuzenekoetan asko garatzen joango den ekimen bat izango dela, eta zentzu horretan uste dut horrek oso interesgarri eta berezi egiten duela proiektua sortzaile baten ikuspuntutik. Zergatik egin duzu harizko instrumentuen aldeko apustu, eta ez beste batzun alde? Hari boskote batena beti arreta deitu didan formatu bat da;?oso fina iruditzen zait, eta, aldi berean, oso indartsua. Ikaragarriak iruditzen zaizkit hari bosktote batek dituen aukerak; gauza sotiletatik osotasunera eraman zaitzakeen formatu bat da. Beti gustatu izan zait, eta, gainera, sekula probatu ez dudana. Proiektu asko susmoetatik sortzen dira, eta nik lehen aipatutako helburu horiek betetzeko formatu egoki bat izan zitekeenaren susmoa neukan. Susmoak susmo, baina hala dela frogatzeko aukera ere izan duzue. Arriagan egin zenuten aurkezpena. Nola joan zen? Zoragarria izan zen; inoiz ahaztuko ez dudan kontzertu bat izan zen; etxera oso pozik bueltatu nintzen. Egia da estreinaldi batek beti daukala tentsio gehigarri bat; denok geunden ondo egitera kontzentratuta. Baina oso gustura eta eroso sentitu nintzen ni, oso konektatuta harizko boskoteagaz. Publikoaren babes handia ere sentitu nuen, eta kontzertua amaitu zenean publikoaren eskerrak jaso nituen. Musika horretan adituagoak diren pertsonen iritziak jaso ditut, eta positiboak izan dira, eta baita lehenengoz hari boskotea zuzenean entzuten duen jendearena ere, eta horiek ere oso berba gozoak eskaini dizkidate. Niretzako erronka bat izatea garrantzitsua zen niretzat; alegia, esperimentaziorako eta ikasteko gune bat izatea. Baina gero, kontzertu bat ere eskaini behar dut, non publiko bat dagoen, eta horientzako gauza interesgarri bat izan behar da. Iruditzen zait lortu genuela hori Arriagan. Oraindik garapen prozesuan dagoen proiektu bat izanik, hori areagotzea lortuko dugula uste dut.“Ahotsari lehentasunezko lekua ematea da helburuetariko bat”
Bestelako berezitasunik ere badauka proiektuak: euskarri fisikoetatik ihesi, zuzenekoetara jo duzue. Zer dela eta? Alde batetik, ez ditut aurkitu erreferentzia asko hari boskotea ahotsagaz lotuta, bi aipatuko nituzke: batetik, Elvis Costelloren The Juliet Letters diskoa, eta, bestetik, Silvia Perez Cruz ere ikusi dut hari boskote bategaz. Nire estilotik urrun biak ere, baina beraien diskoak entzunda, eta susmoetara jota, sentitzen nuen formatu horrek zuzeneko formatua behar zuela izan, eta asko irabazten zuela han gertatzen zena bisualki ikusten zenean. Oso konbentzituta nengoen. Beste alde batetik, ekimen honegaz, nire ibilbildearen errepaso bat egin nahi nuen, formatu berri batean. Hala, nire ibilbidean azken urteetan sortu izan ditudan abesti batzuk moldatu ditut hari boskotera, eta horiez gain, sei kantu berri bildu ditugu. Nire argazki eguneratu bat izatea nahi nuen; orain arte sortu izan ditudanekin eta kantu berriekin. Lau kantu grabatu genituen, kontzertuaren esentzia laburbiltzen dutenak, proiektuaren erakusgai, proiektua belarrietatik azaltzeko. Lau abesti horien artean, bi abesti berri daude; bata Tren luzea, Joseba Sarrionandiaren letragaz, eta bestea Sakonki, Jorge Oteizaren letragaz. Itoizen bertsio bat ere badago: As noites da Radio Lisboa. Eta azkenik, Ken Zazpirentzat sortu nuen Hemen gaude abesteriaren bertsio bat egiten du Carlos Monfortek (Mexikon jaio eta Bartzelonan bizi den biolinistak). Gainontzeko moldaketa guztiak Fernando Velazquezek egin ditu. Zuzenekoekin jarraituz, kontzertu kantitateari ala kalitateari emango diezue garrantzia? Orain arte saiatu naiz ahalik eta talde onena osatzen, eta proiektu honen alde bakoitza ahalik eta gehien mimatzen eta ahalik eta jende onenagaz egiten, eta uste dut proiektu honek eskatzen duela baita emanaldietan arreta eta mimo berdina jartzea. Udazken-neguko proiektua dela ikusten dut, udaberrira arte ariko naiz kontzertuak ematen eta hor bukatuko da. Nik uste dut iraungipe muga horrek proiektuari beste indar bat ematen diola. Iruditzen zait aretoak jendea lasai jesarrita egoteko modukoak izan behar direla. Ez nago hainbeste kontzertu kantitateari begira, kalitateari baino. Hamabost-hogei bat egingo bagenituzke ni pozik egongo nintzateke; bazter batean utziko ditugu, esaterako, bermerik eskaintzen ez diguten lekuak. Leku zainduetara joango gara. Geldirik egon ezin den pertsona eta musikaria da Eñaut Elorrieta, ezta? Irakasle izan nintzen ikastola batean, eta hango lanak utzi, eta urteak dira musika nire pasioa izateaz gain, nire lanbidea ere badena. Goizean esnatzen naizenean lanera joatea kantuak egitea, kontzertuak prestatzea… da. Hori da nire lana. Nire munduan egoteko modua ere bada. Badaude harritasuna sortzen duten bizitzako erabaki batzuk. Erabakia hartzea asko kostatu zitzaidan; urte mordoa egin nituen ikasten, dena zegoen bideratuta lan arrunt bat edukitzeko. Eta hori guztia utzita, nire denbora musikara bideratzea oso erabaki zaila izan zen, baina bizian hartu ditudan erabakien artean, ederrenetariko bat da.Bertigoa gainditzen dudan momentuetan sentsazio zoragarria sentitzen dut”
Zu bezala, euskal musika ere bizirik al dago? Zein egoera bizi du egun? Nolabaiteko loraldi bat sumatzen dut; azken urteetan, talde eta proposamen asko ari dira sortzen. Eta badaukat sentsazioa enaizela gai mugimendu guzti horrek zer dakarren aztertzeko. Iruditzen zait oraindik egonkortu egin behar dela, eta ikusiko dugu urte batzuk barru guzti honek zer dakarren; zein dimentsio daukan eta zein zentzu daukan Euskal Herriko musikaren hari luze horretan. Bestalde, kezka batzuk ere baditut; iruditzen zait herri honetan musika beti egon dela oso presente eta egun ere hala dagoela, baina kultur sortzaileak herri honetan ez direla babesten eta zaintzen uste dut. Nire ustez, ez dago kultur politika serio bat, kezka politiko bat kuturarekiko. Egiten dira gauzak, baina ez dakit apustu sendo bat eginda dagoen sortzaileak babesteko, sorkuntzak babesteko; behintzat, ez dut ikusten epe ertain eta luzerako estrategia seriorik; nik, behintzat ez dut ezagutzen. Uste dut Euskal Herrian kultura ez dela estatu politika bat, eta hori iruditzen zait tradizio espainoletik jaso dugun herentzia bat dela, Ipar Euskal Herrian edo Frantzian ezberdina delako. Nire ustez, ideologia eta sigla guztien gainetik egon beharko litzatekeela kulturagaz estatu politika indartsu eta inportante bat, hizkuntzagaz egon beharko litzatekeen bezala. Pauso batzuk ematen dira, adabakiak ere ikusten ditut, baina ez dut ikusten apustu sendo bat herri moduan. Eta horrek bai kezkatzen nau.“Denbora musikara bideratzea hartu dudan erabakietan ederrenetariko bat da”