Bizitzeko esperientzia
Euskal Herria Museoak eta Jai Alai frontoiak ‘Zesta Bizi’ bisita gidatua prestatu dute ikasturte honetarako. Esperientzia bat proposatzen dute; zesta barru-barrutik ezagutzeko eta bizitzeko eskaintza berria da.
Jai Alai frontoian, berriz, saio praktikoa egiten dute. “Herrian ditugun baliabideekin goiz baterako proposamena eskaintzen dugu. Museoan, adibidez, pilotaren alde desberdinak azaltzen ditugu; ez zesta bakarrik, baita, pala eta beste motak ere”, zehaztu du Irazabalek.
Museoan bertan, Herri Kirolei lotutako tailerra ere badute, eta Zesta Bizi-k bestelako aukera eskaintzen die bisitariei, ez baita gauza bera gaia soilik museoan lantzea edo museoan eta frontoian bateratzea. “Non hobeto euskal pilota lantzeko Jai Alai moduko frontoi batean baino”.
Batez ere ikastetxei zuzenduta dago (6 urtetik gorakoentzat), baina bestelako talde eta elkarteak ere eskuzabalik hartuko dituztela nabarmendu dute. Leku bietan ere badute hezkuntza zentroetako ikasleekin nahikoa esperientzia: “Esaterako, aurten 13-17 urte arteko 1.000 bat bisitari izan ditugu gure bisita gidatuetan, gehienak frantziarrak”, dio Basterretxeak.
15-20 pertsonako talde bakoitzagaz, ordu eta erdiko saioak egingo dituzte. Adinaren araberakoak dira, beraz, azalpenak eta baita frontoiko materiala ere. Martitzenetik barikura eskaintzen dituzte bisita gidatuak, 10:00etatik 14:00etarako ordutegi tartean. Bisitak egiteko aurretiaz izena ematea beharrrezkoa da, museora deituta (94-625 54 51) edo hurrengo posta elektronikora mezua idatzita: euskalherriamuseoa@bizkaia.eus.
Ikasleen artean bultzatzen
Hurrengo hilabeterako herriko ikastetxeei luzatu diete gonbidapena: “Urtarrileko bigarren hamabostaldian doan probatu ahalko dute gure ekintza 8-12 urte arteko ikasleek. Sustatu gura dugu, eta eurak museora zein frontoira hurreratzea”, azaldu du Irazabalek.
Gauza berria da, lehen saioa baino ez dute egin, eta, beraz, zelako erantzuna daukan jakiteko ikusmina daukate.
Hala ere, iaz, modu inprobisatuan, bisita berezi bat egin zuten elkarlanean. Eibarko 100 bat laguneko talde batek bi lekuak bisitatzeko interesa zeukala jakinarazi zien, eta egun berean gauza biak batzea erabaki zuten. Ordukoa izan zen ereindako hazia, eta, orain, forma eman, eta fruituak ematea espero duten landarea zainduko dute.
Kanpotik etorritakoek ez ezik, bertako askok ere zesta ez dutela ezagutzen azpimarratu du Basterretxeak: “Pentsatzen dugu denek ezagutzen dutela, baina ez da horrela. Gernikar askok ere ez dute ezagutzen frontoia; ez dira inoiz frontoira sartu. 90eko hamarkada amaieratik orain dela urte batzuk arte hilzorian egon da. Orain ikusten dugu jendea badatorrela, eta gustura dagoela partiduetan”.
Esku artean duten proposamen berriak harrera ona izatea espero dute; jendeari gustatzea, eta bide batez Euskal Herrian errotutako tradizioa bultzatu eta are gehiago zabaltzea. Belaunaldi guztietarako esperientzia baita hasi berri duten proiektua. Herri kirolen ezagutza eta batik bat pilotarena modu desberdinean landuta jauzia eman dute. Zesta bizia dela eta bizi-bizirik dagoenaren beste erakusle argi bat da Zesta bizi.