Liher Goienetxea ‘Astillas’ margolaria.
Bermeon, herriko ondarea eta kulturari errespetu handia zaio. Bermeotarrek jakin badakite itsasoak eta arrantzak herrian izan duen eta izaten jarraitzen duen eragina eta garrantziak nolakoak diren. Denborak aurrera egin ahala tradizio asko galtzen joan arren, bizimodu mota hori ondo errotuta izaten jarraitzen dute kostako herrian.
Horren erakusgarritzat dugu Liher Goienetxea Astillas margolariak Bermeoko Nestor Basterretxea aretoan jarritako erakusketa. Bertan, “antzinako bizia” isladatu du bermeotarrak, “beti Bermeon eduki dugun itsasoko bizimodua”.
Erakusketan jarritako 60 artelanetan, joan den mende hasieran herrikoek bizi zituzten ohiko egoera eta une arruntak azaltzen dira batez ere: arrantzaleak portuko ontziak kargatzen edota horiek konpontzeko lanak egiten, emakumeak arrainak zestetan pilatzen edota Bermeoko paisaiaren irudi orokorrak. Halere, itsasoa da artistak egindako lanetan azaltzen den erabateko protagonista.
Artista bermeotarrak uste duenez, “oroimena da beharbada gehiago helduko ez den denbora baten erretratua”. Arrantzan aritzea inoiz asko gustatu ez zaion arren, txikitatik barneratutako bizimodutzat dauka. Hala, bizitako beste garai bat isladatu du artistak bere koadroetan.
Pirograbatuak. Margotzeaz gain, pirograbatu teknikaren bidez eman dio bizia Goienetxeak bere bildumari. Egur gainean akuarelekin margotu ostean, itzalak egur hori erreta lortzen ditu margolariak. Bere lanak horrela sortuta, itzal eta gerizpeekin jolastu eta horiei tonu desberdinak ematea lortzen du artistak. Modu horretara koadrei bizitasun gehiago ematea lortzen du.
Astillas-en erakusketa abenduaren 16ra arte egongo da ikusgai. Sarrera doakoa da, eta Nestor Basterretxea aretoak ateak 19:30etik 21:30era bitartean irekita edukiko ditu beste garai batean murgildu nahi duen edonorentzako.