Kiwi ekologikoari eta tokikoari buruzko aurkezpen-dastaketa egingo du Lurgozok
Elikagai onak: Kiwi ekologikoa eta tokikoa saioa antolatu dute eguazten honetarako (abenduak 12) Astran. 18:30ean hasita, kiwiaren ezaugarri eta onurei buruz berba egingo dute.
Amaieran, berriz, Ortutik Ahora Elkarteko kideen laguntzagaz, kiwi ekologikoagaz prestatutako modakutxoak probatuko dituzte, beheko solairuan.
Lurgozoko ordezkariek iragarri dutenez, Elikagai onak deritzan atala estreinatuko dute: “Aurtengo neguan zenbait aldaketa egongo dira. Urte osoa urtaroei erreparatuz lau ataletan banatzen dugu. Neguan, normalean, aurkezpen-dastaketak egiten ditugu-abenduan, urtarrilean eta otsailean–eta denak gure nekazaritza ekologikoaren gutiziak izenburuarekin lantzen dira”.
Eguzteneko solasaldian Alex Zubia baserritarra eta kiwi ekoizlea eta Esther Gartzia nutrizionista izango dira hizlariak, eta produktuak dastatu bitartean, bi gonbidatu horiekin ideiak eta iritziak elkartrukatzeko aukera izango dute Astrara bertaratzen direnek.
Kiwiaren biologia (sorlekua, habitata…) eta ekologikoan ekoizpena (ekoizpen ekologikoaren arautegiaren arabera) nola egiten den azalduko du Zubiak, eta Gartziak, berriz, fruta honek osasunerako dituen onurak zeintzuk diren kontatuko du.
Ekoizpena eta ezaugarriak. Busturialdean hiru ekoizpen ekologiko zertifikatu daude gaur gaurkoz: Ainhoa Suberbiola (Ajangiz), Oxer Bastegieta (Arratzu) eta Lurkoi .SAT (Busturia).
Ekologikoak eta hemengoak azaroan hasi eta martxora-maiatzara arte egoten dira.
Kaloria gutxiko fruta da, karbono-hidratoen eta azukreen kantitate ertaina duena, eta digestioa errazten du. “Haizeen arazoa murrizten duen entzima dauka; eta zuntz disolbagarria duenez, laxante samarra da. Haurrentzat nahiz nagusientzat garrantzi berezikoak dira. Egia da zenbait pertsonek alergia diotela, baina orokorrean ahoko zauriak sendatzen laguntzen du eta arrisku baskularraren aurrean organismoa babesten du”, azaldu dute Lurgozoko kideek. Horien berbetan, egunero kiwi ekologiko bat janez gero, C bitaminaren eta bestelako mantenugaien (kaltzioa, fosforoa, magnesioa, burdina, E bitamina eta karotenoideak) beharrizana asetzen da.
Vigoko Unibertsitatearen ikerketa bat jarri dute adibide modura. Hango emaitzen arabera, nutriente gehiago (mineral-edukiera handiagoa) dituzte ekologikoek konbentzionalek baino, eta antzeko edo ekoizpen handiagoarekin (ongarritzea eta fumigazioak hostotza handiagoa dakar baina fruitu gutxiago), eta lurra baldintza hobeagoan uzten dute. Ekologikoan inausketa egiten da, materia hori birrindutakoan azpian egiteko erabiltzen da eta monokultiboaren eragina murrizten da landare-estaldurak eginez edota animaliak erabiliz -kalterik sortzen ez duten ardi-arrazak sartuz edo erle polinitzaileak erabiliz-.