Ex!poesia 2018 Euskadiko Poesia Esperimentalaren Biurtekoa Gernika-Lumora heldu da. Hogei egileren irudiak eta hausnarketak jasotzen dituen topaketa da. Erakusketa abenduaren 28ra arte dago ikusgai Kultur Etxean.
Irudien eta soinuen bitartez ere sortzen da poesia. Esateko modu askorekin artea egiten dute olerkariek.
Poesia esperimentalez bete da Gernika-Lumoko
Kultur Etxeko erakusketa aretoa.
Monica Nuderen lana.
Arte ederren eta letren arteko polaritate xume eta naturala baino harago doa poesia esperimentalak eskaintzen duen ikuspegi garaikidea. Garapen teknologikoaren eraginez, teknologia berriek urratu dituzten bideak hautatu, eta askotariko fusioak sortzen ari dira. Egun, ideia bat gauzatzeko berehalakotasuna eta erraztasuna dago, eta horrek irudi andana sorrarazten ditu, eta askotan gura barik bilatu gabeko olerkiak azaleratzen dira.
20 egile, 20 begirada
Naziorteko 20 artisten lanek sormenak mugarik ez daukala agerian uzten dute. Irudi deigarriak eta hausnarketa pertsonalak daude sortzaile bakoitzaren oholean. Berbak eta argazki, marrazki zein antzeko irudiek bat egiten dute artelan bakoitzean. Adibide esanguratsua da
Mary Zurbanoren testuak dioena:
“Zera esan ohi dugu: begirada pausatzen dugun tokian irudi bat dago beti zure zain, eskua luzatzen, bere burua ematen, batzuk arima eta guzti. Haiek olerki bisual bilakatzea edo bertsotan lerrokatzea da nire beharra; haiek zatitzea eta zatiak mugiaraztea; haiei forma ematea eta eskultura bihurtzea; haiek erretinan gordetzea edo ukatzea”.
Ex!poesia 2018ren barruan, erakusketa obra kolektiboa da
La obra intervenida. Juan Migel Cortesen lan honetan biltzen dira aipatu 20 sortzaileak.
Topaketa honek Barakaldon dauka egoitza nagusia eta Gernika-Lumora legez, besteak beste, Portugaletera, Sestaora, Basaurira, Bilbora, Leioara, Madrilera, Bartzelonara, Berlinera edota Pekinera ere zabaldu dute.
Gernika-Lumoko Kultur Etxeko bigarren solairuan
abenduaren 28ra arte dago ikusgai.
Bi urterik behin
Ex!poesia Euskadiko Poesia Esperimentalaren Biurtekoa, 2016koaren jarraipen modura aurkeztu dute. “2016ko expoesia lotutako erakusketa da; bide hartan sakotzen jarraitzea proposatzen du”. Hau da, diziplina anitzeko ikuspuntu batetik, egile esperimentalen lanak eta jakintzak jasotzea da helburua.
Alabaina, aipatu bidearen abiapuntua 2014ean ezarri zuen orduko koordinatzailea izan zen LUPIk (La Unica Puerta a la Izquierda). Hark Boek861 proposatu zion bide horri ekiteko, eta ordutik, egileen lanean zein artisten beraien bereizgarrietan sakontzen ari dira.