'Gogoan hartzeko izenak' erakusketak 60 biktimen bizipenak bistaratuko ditu
Abenduaren 22ra arte egongo da ikusgai erakusketa Uhagon kulturgunean, udaletxean eta kartzela zaharrean. Gertukoen bizipenak ere jaso ditu Joseba Zabalza argazkilariakEuskal Memoria Fundazioaren babespean, Joseba Zabalza argazkilariak iaz argitaratuta...
Abenduaren 22ra arte egongo da ikusgai erakusketa Uhagon kulturgunean, udaletxean eta kartzela zaharrean. Gertukoen bizipenak ere jaso ditu Joseba Zabalza argazkilariak
Euskal Memoria Fundazioaren babespean, Joseba Zabalza argazkilariak iaz argitaratutako Gogoan hartzeko izenak liburuan oinarritutako erakusketa ekarri du herrira Markina-Xemeingo Udalak Ahaztuen Oroimena elkartearen laguntzagaz. Herenegun iluntzean eman zioten hasiera erakusketari, argazkilariaren eskutik.Joseba Zabalzak Euskal Herriko gatazka politiko eta armatuaren biktima «ezagunak eta ezezagunak» bistaratu nahi izan ditu bere lanean, biktimek pairatutako gertakari latzak argazki eta kontakizunen bidez adieraziz. Zabalza berak eman zituen ezagutzera biktima batzuk aurkezpenean.
Liburuan irakurketa eliptiko edo zirkular bat egin duela azaldu zuen Zabalzak, «ETAren jarduera armatua existitzen ez zen garatik hasi eta 36ko gerrako kasu bategaz amaituz». Epealdi zabal horretako 105 gertaera jaso ditu guztira lanean.
Argazki ezberdinak
Argazkilariaren esanetan, lehen mailako, bigarren mailako eta hirugarren mailako biktimak bereizi izan dira. «ETA erakundearen ekintzetan hildakoak edo zaurituak hartu dituzte batzuk biktimatzat. Baina niretzat denak dira biktimak, eta horiek non gelditzen ziren jakin nahi nuen: Lasa eta Zabala, Santi Brouard, Josu Muguruza… Horiez gain, biktima ezezagun asko zeudela konturatu nintzen».
Lekuak oso garrantzitsuak eta bereziak direla argitu zuen. «Beti erakartzen ninduten lekuek. Non aurkitu zituzten Mikel Zabalza edo Lasa eta Zabala…». Baina lekuak inportanteak diren arren, aurpegiak behar zituen lan honetarako. «Banuen lanaren filosofia, baina protagonistak ezagutu behar nituen. Historiari buruz hitz egiten dugunean beti agertzen dira izenak, baina izenen atzean badaude aurpegiak eta familiak. Beraz, garrantzitsua zen familiekin zer gertatu zen jakitea eta eurekin hitz egitea». Kontakizunak osatzeko, gainera, betiko argazkietatik ihes egin du argazkilariak. Familiako albumetan murgildu da beste era bateko argazkiak lortzeko. «Bizitzaren argazkiak, ezezagunak».
Jakitera eman duenez, hildakoak ez dira liburuan eta erakusketan agertzen diren biktima bakarrak, larriki zaurituak ere badaude, bai eta torturatuak eta desagertutakoak ere.
Gertaera horien guztien artean badira gertukoak ere, Jaime Guenetxea Gerenabarrena eta Iker Ibarluzea Gonzalez etxebarritarrek 1980ko irailaren 20an pairatutako indar parapolizialen erasoa, edo 1977ko Ammistiaren Aldeko Astean Lekeition jipoitu eta larriki zauritu zuten Antxone Telleria Mendiarena, esaterako.
Guenetxea eta Telleria aurkezpenean egon ziren, eta etxebarritarrak aurkezpenean ere parte hartu zuen. Horrelako gertaera bat gainditzea psikologikoki oso gogorra dela azaldu zuen Guenetxeak, eta nahi duen bakarra biktima moduan errekonozitua izatea dela azpimarratu zuen.
Testigantzen garrantzia
Testigantzak oso garrantzitsuak direla nabarmendu zuen Zabalzak. «Horiek galtzen badira galdu egiten da historia, eta garrantzitsua da guk geure historia idaztea». Argazkilariak liburuan jaso dituen 105 testigantzetatik 60 biktimenak ikusteko aukera egongo da Markina-Xemeinen abenduaren 22ra arte, tartean bertokoenak.
Herriko hiru aretotan banatuta egongo dira panelak: Uhagon kulturgunean, Markina-Xemeingo udaletxean eta kartzela zaharrean. Azken gune horretako erakusketa asteburuetan egongo da zabalik: bihar eta abenduaren 15ean, 12:00etatik 14:00etara eta 18:00etatik 20:00etara, eta abenduaren 9an eta 16an, 12:00etatik 14:00etara.