Lau urte luze lanean aritu ondoren, Busturialdeak berriz ere bere irrati libre propioa dauka. Biztu Irratixe Gernika-Lumoko Astraren barnean sortutako irratia da, arduradunen esanetan “beti Astrako proiektuari eta eraikinari lotuta” joan dena.
2008an Pasealekuko Gaztetxean Herri Mugimenduaren baitan sortutako Busti Irratiaren oinordekoa da Biztu, haren izenari keinu egiteko asmoagaz. Irratiaren arduradunek diotenez, 2012. urtean berriz ere egin zen eskualdean irrati libre bat sortzeko ahalegina, baina momentu hartan ez zegoen halako proiektu bat aurrera eramateko indar nahikorik.
Astrako azken solairuan egiten dituzte grabaketak Biztu Irratiko kideek. Argazkia: Biztu Irratixe
Urte luzez irrati barik egon ostean, 2016 amaieran, Astran irrati librea sortzeko ametsa egia bilakatu zuten. Bi lagunen arteko ideia batetik jaio zen proiektua, “ekintza alternatibo bezala egitea ondo” egongo litzatekeela komentatzen zuten bitartean. “Lehengo irratiari jarraipena eman nahi genion, jendearentzako beste espazio bat zabaldu”, diote arduradunek.
Herri mugimendu batetik sortutakoa da Biztu Irratixe, espazio ireki bat zabaltzeko helburuagaz. Topiko orokorretik irteteko medio bezala prestatu dute proiektua, gaur egun entzuten den musikatik aldenduta eta “norberak gustukoa duena azaleratzeko” erabili ahal izateko.
Ez hori bakarrik, herria kontuan hartuta, jendeak eta elkarteek herri mailan esatekoa dutena zabaltzeko medio bezala aurkezten dute irratia: “Nahi duenak nahi duena egiteko da gure irratia, denon arteko medioa da”. Hala, herritarren eta herri mugimenduen eskuetan komunikazio tresna bat jarri nahi izan dute, Gernika-Lumoko mugak gaindituz eta Busturialde osora hedatuz.
Biztu Irratixe ez da FM uhinen bidez emititzen; gaur egun Internet bidezko emisio bidez soilik zabaltzen dute: “Antena eta emisora ditugun arren, emisioa hedatzen zen gunea oso mugatua zen, ez zen Gernikako etxe guztietara iristen”. Hori dela eta, podcast bidezko irrati bat irtenbide egokia zela erabaki zuten, hau da, saioak zuzenean emititu beharrean grabatutako audioak eskaintzen dituzte.
Irratsaioekin “elkar zapaltzen” egon diren hilabeteak egon direla diote arduradunek, baina orokorrean zaila egiten da programazioa erregulartasun bategaz eramatea.
Dena dela, borondatez egin eta malgutasun bat eskaintzen duen betebeharra izanik, irratsaioak landu eta sortzen “jarraitzeko gogoa” daukatela argi adierazi dute, eskura dituzten tresnei ahalik-eta etekinik handiena ateraz. Irratian sortzen den “giro ona” ere nabarmendu nahi izan dute, eta egindakoa partekatzeak irratiko kideen arteko harremanak sendotzeko balio duela diote.
Astran bertan egindako irratsaioen artean edozein motatako saioak emititzen dira, edonork dauka saio propioa prestatzeko aukera.
Metal Fabrika, Gaberdiko Cowboy eta
Marginalia bezalako saioekin, musika eta zinema izaten dira Astrakoek gehien jorratzen dituzten gaiak, baina beste era bateko saioak gehitzea ere gustatuko litzaiokete, umore saioak, adibidez.
Hala ere, programazio zerrendan eurek sortu ez dituzten beste hainbat irratsaio daude. Nola hori?
Sare librea. Biztu Irratixe Euskal Herriko irrati libreen sarean dago. Bertako partaideak izanik, hainbat irratietako
podcast-ak erabiltzeko aukera dute, irratsaioen zerrenda potolotzea lortuz, eta batez ere, zaletasun berbera partekatzen dutenekin harremanak sortuz, horrela elkarlanean aritzeko.
Podcast horiekin, Biztukoek sortutako irratsaioekin eta nahi duten musika jarriz, irratia “eguneko 24 orduetan emititzen” egotea da arduradunen helburua. Arrosa Sarean egoteko urtero kuota bat ordaindu behar da, eta, gutxienez, hilean behin irratsaio bat igo. Hori eginez gero, sareak eskainitako abantaila guztiez baliatu daitezke.
Irratia martxan jartzeko askorik behar ez dela diote Biztukoek. Ordenagailu pare bategaz irratsaioak grabatzea eta editatzea posible egiten zaie, baita
streaming-a martxan jartzea ere. Erabilitako programen artean, Audacity bezalako doako tresnekin lan egiten dute, “gastuak murrizteko”.
Argazkia: Biztu Irratixe
Ordenagailuez gain, bost mikrofono erabiltzen dituzte, nahasketa mahaiagaz eta kableegaz batera. Guzti horregaz kalitate onargarri bategaz irratsaioak egin, grabatu eta emititzeko beharrezko guztia daukate.
Irratia aurrera eramateko beharrezkoak diren tresnak eskura egon arren, irratian parte hartzeko deia egiterakoan zaila egiten zaie jendea erakartzea. Irratira hurbiltzeko lehenengo pausoa ematea “zaila” dela diote, irratsaioa egitera animatzea kosta egiten dela. Biztukoek, ordea, saio bat egitea “hain zaila ez dela” aldarrikatzen dute, pauso batzuk jarraituta eta ausardia apur bategaz ordubeteko grabazioa egitea posiblea dela esanez.
“Akatsak egiteko espazioa” dela argi utzi nahi dute, jendea hurbilduz gero grabatzeari ekin eta txarto ateraz gero, ezer ere ez dela gertatzen nabarmenduz. “Biztu ez da zuzenean emititzen den irratia”, eta horrek “akatsentzako tokia” ematen duela diote. Sortzeko eta batez ere ondo pasatzeko gune bat dela diote, eta herritarrak geldiarazten dituen horma behera bota nahi dutela.
Horretarako, ikastaro txikiak joan dira antolatzen, jendeak irratiak nola funtzionatzen duen ikasteko eta erabiltzen dituzten tresnak ezagutzeko, Biztu Irrati Librea herriarena dela ahalik-eta argien utzi nahirik.