Armaginen haztegian
Lea-Artibai eta Mutrikuko hainbat lagun daude Eibar Kirol Elkartearen lehen taldean zein harrobian. Eibartarren historiako une gozoenaren partaide ari dira izaten guztiak.Eibar Kirol Elkartea bere historiako unerik gozoenetakoa bizitzen ari da aspaldio...
Lea-Artibai eta Mutrikuko hainbat lagun daude Eibar Kirol Elkartearen lehen taldean zein harrobian. Eibartarren historiako une gozoenaren partaide ari dira izaten guztiak.
Eibar Kirol Elkartea bere historiako unerik gozoenetakoa bizitzen ari da aspaldion. Lehen Mailan finkatuta eta ekonomia egonkortuta, harrobiaren aldeko apustu irmoa egin du azken urtean. Alde batetik, Mallabiko Areitio gainean egingo duten kirol hiri berria dago, eta bestetik, Fran Garagarza kirol zuzendari mutrikuarraren agindupean martxan jarri duten baloreen proiektua. Pertsonak heztea jokalariak haztea baino garrantzitsuagoa dela uste dute armaginek, eta biak eskutik heldu gabe joateak ez duela zentzurik dio Garagarzak.Baina kirol zuzendaria izan aurretik lan asko egindakoa da mutrikuarra. Bere ohiko lana utzi zuen futbolaren mundu zailean tartetxo bat egiteko. Aurretik Mutriku FT, Aurrera KE eta CD Elgoibar entrenatutakoa da, azken hori 3.mailara igotzea lortuz. Orduan jaso zuen eibartarren deia ere. Baina kirol zuzendari izendatu aurretik lan handia egin du Ipuruako taldean: harrobiaren arduraduna izan zen, eta Manix Mandiolaren laguntzailea, besteak beste. 2011n hartu zuen kirol zuzendari kargua, orduan 2.B mailan errotuta zegoen taldeari bultzada emateko; 2012-2013an, Gaizka Garitano entrenatzaile postuan ipini eta 2. mailara igotzea lortu zuten, eta hurrengo denboraldian, zuzenean Lehen mailara, izarren ligara.
Lehen mailako talde guztiak bezala, Eibarrek ere harrobiarekin egin beharreko lanketa aldatu egin du azken urte hauetan, eta diru eta esfortzu handiko inbertsioa egiten ari da armagintxoak hazteko. Azken urteetan badirudi harrobi armaginak ez dituela lehen taldea sendotzeko hainako fruituak eman, baina orain eskuartean daukaten proiektuarekin denboraldi gutxi batzuk barru harrobiko jokalariak Ipuruako berdegunean ikusteko asmoa daukate.
Eta harrobi horretan dauden mutilen eta nesken taldeetan presentzia handia daukate Lea-Artibai eta Mutrikuko hainbat lagunek. Lehen taldean, Jose Luis Mendilibarren jokalariak zaintzen, Alain Gandiaga markina-xemeindarra dago, mina hartzen duten jokalariak zelaietara ahalik-eta azkarren eta hobekien itzultzeaz arduratzen den berregokitzailea.
Zelaia eta bulegoak uztartzen dituena Jon Zabala ondarrutarra da. Zabalak Eibarko atezain guztien ardura dauka, eta haiek koordinatzeaz eta euren lana prestatzeaz arduratzen da, harrobiko futbolaren zuzendariarekin elkarlanean. Horrez gain, zelaira jaitsi eta atezainen entrenatzaile lanetan ere aritzen da. Armagintxoak zuzentzeaz arduratzen diren entrenatzaileak dira baita ere Mikel Etxaburu Pixki eta Mikel Santiso ondarrutarrak gazteen 1. mailako taldean eta Mikel Badiola Pistoli ondarrutarra haurren mailako lehen urteko txikiekin.
Baina entrenatzaileen kopurua handia bada zeresanik ez jokalariena. Mutilen kasuan, Erregionalen Ohorezko mailan Alain Arreitunandia mutrikuarra dago. Harrobiko etapa desberdinak igaro ostean, 3. mailara igotzeko asmotan dabiltza. Espainiako estatuko gazteen mailarik altuenean jokatzen du, ostera, Iker Urresti ondarrutarrak. Iazko denboraldian Getxoko Arenas taldean aritu ostean, eibartarren Ohorezko Mailako taldera eman du jauzia. Gazteen 1. mailako taldea da Lea-Artibai eta Mutrikuko ordezkari gehien dituena, bost. Bi entrenatzaileez gain, taldeko kideak dira Edu Tarancon eta Ekaitz Sesma lekeitiarrak, Ekain Aizpurua eta Unai Bedialauneta mutrikuarrak eta Enaitz Aranbarri ondarrutarra, azken hori atezaina. Kadete mailan ere bost jokalari daude: Euskal Ligako kadetean Hodei Arrillaga atzelari mutrikuarra, Euskal Selekzioaren deialdietan ohikoa bihurtzen ari dena eta Ohorezko mailan, berriz, Enaitz Etxebarria eta Enetz Leon ondarrutarrak eta Jane Arreitunandia eta Elaia Andonegi mutrikuarrak.
Haurren Ohorezko mailako taldean Joseba Ituarte markina-xemeindarra dago.
Baina orain direnak ez ziren izango lehen egon zirenak gabe. Ezin dira ahanzturan utzi Eibarko kamiseta defendatu duten Jessica Garcia markina-xemeindarra, Ion Ansotegi eta Xabi Irureta berriatuarrak, Janire Urkijo, Eneritz Txopitea, Markel Robles eta Mikel Abaroa lekeitiarrak, Nagore Elu, Pako Solabarrieta, Aritz Solabarrieta eta Eñaut Zubikarai ondarrutarrak edo Maitalen Aranberria, Xabi Eizagirre mutrikuarra edo Zuriñe eta Leire Etxaniz etxebarritarrak, harrobiko gainontzeko taldeetatik pasa diren dozenaka Lea-Artibai eta Mutrikuko jokalariez gain. Horiek defendatu zuten Eibar futbolaren beste aldea bizi izan zuenean. Baina futbola ez da ezer zalerik gabe, eta Eibarrek lagun talde bat ere badauka Mutrikun: Eibarkosta, 2015ean eratu zena eta Eibar Kirol Elkarteko 16. lagun talde ofiziala dena.
Lea-Artibai eta Mutrikuk gaur egun Eibar Kirol Elkartean daukan isla oso handia da, herriotan egiten den lan onaren seinale. Kilometroak kontuan hartuz Lea-Artibai eta Mutrikutik Eibarrerako distantzia oso handia ez bada ere, herrietako jokalari, entrenatzaile eta gainontzekoak bertan egoteak are gehiago hurbiltzen ditu Lea-Artibai eta Mutriku herri armaginera.