Herriko Udal Liburutegian egingo dute tailerra
. Sei eta zortzi urte bitarteko umeei zuzenduta dago, eta saioak
abenduaren 12an, 14an eta 19an egingo dituzte,
17:30etik 19:30era.
Bermeoko Udal Liburutegia. Argazkia: Bermeoko Udala.
Bi orduko saioak Nuria Dehesak dinamizatuko ditu. Dehesak azaldu duenez, gaur egun eskola jazarpena edo
bullying-a arazo bat da eskoletan. “Eskola jazarpenarekin bukatzeko heziketa ezinbestekoa da, balio heziketa on batek arazo horri aurre egiten lagunduko baitigu, eta baita gaur egungo umeak biharko heldu osasuntsu eta zoriontsu izaten ere”, nabarmendu du.
Horregatik, esan duenez, udal liburutegian eskainiko duen tailerrean “ipuinen bidez errespetua, elkartasuna, ausardia, autoestimua eta enpatia balioak sustatzen saiatuko gara, eskola jazarpena saihesten laguntzeko”. Tailerraren antolatzaileek jakitera eman dutenez, saio bakoitzean
balio bat edo bi landuko dituzte umeekin batera. Hori lortzeko, hainbat motatako kontakizunak irakurriko dituzte: esate baterako, nobelak, ipuinak, olerkiak edota igarkizunak.
Hausnarketa. Irakurketa saio bakoitzaren ostean irakurritakoa aztertuko dute. Horretarako, testuan azaldutakoa gustatu zaien edo ez eta zergatik, zein izan den pertsonaia nagusiaren jokaera, zelan konpontzen dira gatazkak ipuinean, agertzen diren baloreak, zer transmititu dien istorioek, zelan sentitzen diren pertsonaiak edota zelan sentitu diren eurek entzuten zuten bitartean landuko dute umeek.
Horrez gain, saioetan
ekintza bat prestatuko dute, egun horretan landu nahi dituzten baloreekin lotutakoa. Klasearen amaieran zein izan den gehien gustatu zaien testua azalduko dute, eta zergatik.
Bermeoko Udalak zehaztu duenez, tailerrean parte hartzeko interesa dutenek
aldez aurretik izena eman beharko dute. Hori egiteko herriko Udal Liburutegira joan beharko da. Parte hartzea
doakoa izango dela zehaztu dute eta, gehienez,
taldean 10 ume egongo dira.