Foruko nagusien egoitzak martxan jarri du eguneko arreta zerbitzua l.u.l.
Foruko nagusien udal egoitzak eguneko arreta zerbitzua martxan jarri duela iragarri du. Itziar Urrutia egoitzako zuzendariaren berbetan, zerbitzu hori «eskualdeko herritar guztiei» zuzenduta dago.Izan ere, arreta zerbitzuak pertsona nagusiei epe labu...
Izan ere, arreta zerbitzuak pertsona nagusiei epe labur zein luze bat igarotzeko aukera eskaintzen die, familiaren beharrizanen arabera. Urrutiak azaldu duenez, eguneko zerbitzuagaz, lau, zortzi edota hamabi orduko egonaldiak egin daitezke egoitzan, 08:30etik 20:30era bitartean, hain zuzen ere, asteko edozein egunetan.
Egonaldietan nagusientzako «zerbitzu osoak» eskainiko dituzte. «Egoiliarrekin batera jarduerak egingo dituzte eguneko arreta zerbitzuaren barne dauden nagusiek. Psikologoagaz txandak eduki ahalko dituzte, eta edozein motako ariketa fisiko zehatzak egin behar izanez gero, fisioterapeutagaz aritzeko aukera ere edukiko dute».
Zerbitzu pertsonalizatuak
Modu horretara, egoiliar bakoitzaren neurrira egindako zerbitzuak sortuko dituzte zentroan: estimulazio kognitiboa ardatz duten ekintzak, pertsona helduen psikomotrizitate ariketak eta terapia dualak egingo dituzte. Azken horiek berritasun bezala aurkeztu ditu Urrutiak. Horietan, alor fisiko eta kognitiboak bateratzen dituzte, bi alorretako onurak batuz. Ekintza horiek mediku, erizain, psikologo, fisioterapeuta eta erizaintzako laguntzailez osatutako talde batek prestatuko dituela azaldu du zuzendariak.
Horrez gain, gosariak, bazkariak, askariak eta afariak emango dituzte zerbitzuaren barne. Pertsona nagusiak zaintzen dituzten familien beharrizanak asetzeko helburuagaz sortutako arreta zerbitzua dela nabarmendu du Urrutiak.
Zerbitzuari buruzko informazio gehiago jaso nahi duenak udaletxean edota egoitzan bertan informatzeko aukera dauka. Horrez gain, 94-625 60 73 telefonora deitu dezake.