Muruetako Udalak jakitera eman duenez, obren
azken esleipena gauzatu dute.
Jabier Ondarza Muruetako alkatearen berbetan, “
hamar urteko iraupena izan duen proiektu baten azken pausoa” izango da udaletxeko eraikin berrian egingo dutena. Azaldu duenez, proiektuari herriko tabernagaz hasiera eman zioten. Izan ere, herriko zerbitzuei lehentasuna eman nahi izan zioten.
Muruetako udaletxe berria.
Lanak astiro joan izan diren arren, berriztapena bukatzeko gutxi falta dela adierazi du Ondarzak.
Duela sei urte inguru hasi zituzten udaletxea lekualdatzeko lanak. Horrela, herriko
abadetxe zaharrean igogailua jarri zuten udan eta egokitze lanak bukatzeko berogintza, elektrizitate, argiteria, margotze, iturgintza eta alarma instalazioko lanak egingo dituzte, besteak beste.
Ondarzak zehaztu duenez,
lanek bi hilabeteko iraupena izango dute. Horrela,
2019ko lehen hilabeteetarako obrak bukatuta izatea espero du udalak. Lanen aurrekontuari dagokionez,
85.000 eurokoa izango dela adierazi du alkateak.
19. mendeko abadetxea. 2000. urtera arte herriko abadetxea izan zena estilo neoklasiko eredu hartuta egindako eraikina da. 19. mendean eraikita, hasiera batean herriko etxea edota udaletxea izateko sortu zuten, baina guda karlisten ostean udalak izandako diru arazoen ondorioz parrokiari eman zitzazion eraikina mailegu modura.
Orain hamabost urte,
akordio baten bitartez udalak eraikina berreskuratu zuen, eta Muruetaren planifikaziorako giltzarri bezala erabiltzea erabaki zuen. Izan ere, erdigunean kokatuta egoteaz gain, eraikina
“herriaren nortasun historikoaren ondarea” dela azaldu du alkateak.
Tabernan burututako lehenengo lanen ostean, udalerriko nukleo nagusiaren zentralizatzea gauzatzen hasi zen udala. Eleizalde auzoa herrigune modura indartzeko, hamar urtetan kultur aretoa, egotelekua, aparkalekuak, herriko plaza eta inguruan eraiki duten Babes Ofizialeko Etxebizitzen urbanizazioagaz udalak zerbitzu eta ekipamendu publikoak herritarrei hurbildu nahi izan die.