Urteko azken hilabeteari hasiera ezin hobea eman diote ibarrangelutarrek eta bermeotarrek. San Andres jaiak barikuan hasi ziren, eta domekara arte hainbat jarduera egiteko aukera eskaini diete herritarrei.
Barikuan jaiei hasiera emateko kalejirak egin ostean, zapatua indar biziz hartu zuten Ibarrangeluko bizilagunek. Eguerdian bildu ziren tortilla txapelketako platerak prestatzen hasteko, eta giro ederra sortu zuten udaletxeko aterpean. Gainera, etxeko txikienek ere ederto pasatzeko aukera eduki zuten beraiei zuzendutako jolasekin.
Tortilla txapelketa egin zuten zapatuan, Ibarrangelun.
Tortillak aurkeztu eta sabelak bapo bete ostean, Mus txapelketak bilakatu zen arratsaldeko protagonista. Udalerriko kultur etxean bildu ziren herrikoak, eta bertan iluntzera arte aritu ziren karta jokoan. Txapelketa modu bikainean bukatu zuten, sari banaketagaz EinGo taldearen musika eta dantzekin gozatu zuten-eta.
Domekan Euskararen eguneko ekitaldia egin zuten ibarrangelukoek, mezuaren irakurketagaz. Horrez gain, herrira etorritako ume berriei opariak banatu zizkieten.
San Andres auzoan herri bazkaria egin zuten. Argazkia: Bermeoko Udala
San Andres auzoan, gelditu gabe. Bermeoko San Andres auzoan ere musean aritzeko aukera eduki zuten auzotarrek, jaiak hasteko txapelketagaz batera. Zapatuan txapelketak jarraitu egin zuen, eta horrekin batera, herri bazkaria izan zen protagonista. Bertan auzoko bizilagunak batu ziren eguna giro ederrean igarotzeko, eta postre txapelketa ere egin zuten.
Bermeotarrek berritasunekin bukatu zituzten sanandresak. Izan ere, Txiki-Eder zentrokoek txakurren erakusketa prestatu zuten. Horrekin batera, hegaztien erakustaldia ere antolatu zuten auzoko jaiei amaiera emateko.