Arrizabalagak Amezketako Larrunarri frontoian lortu zuen Lehen Mailako finalerako txartela partidu estu batean Miren Larrarte mendean hartu ostean. Lau t’erdiko finalera sartzeko baina
asko sufritu zuen Arrizabalagak; 18-17 hartu zuen mendean Larrarte.
Larrate eta Arrizabalaga. Argazkia: Emakume Master Cup
Gernikako pilotaria nagusi izan zen ia partida osoan eta markagailuan ere
aurretik joan zen ia beti. 16-8 ere aurreratu zen Arrizabalaga eta partiduak erabakita zirudien une horretan baina Bidaniako pilotariak ez zuen amore eman eta asko arriskatuz partiduan sartu eta apurka-apurka markagailuan hurbiltzen joatea lortu zuen.
17ko berdinketagaz iritsi ziren bi pilotariak azken unera eta gainera azken sakea Larrarterena zen. Baina azken tanto erabakiorra
bi paretak eginez amaitu zuen Arrizabalagak, final handirako txartela bereganatuz.
Finalean Patri Espinar usansolotarra edukiko du aurrean, Maite Ruiz de Larramendi 18-6 mendean hartu baitzuen.
Domekan Azkoitiako Gurea frontoian 12:00etatik aurrera jokatuko den finalean gaur egun Leire Etxaniz etxebarritarrak daukan txapela eurenganatzen ahaleginduko dira bi pilotari bizkaitarrak.
Jendetza hurbildu zen finalerdiak ikustera Amezketako frontoira. Argazkia: Emakume Master Cup