Gabonetako ekintza ezberdinak antolatuko dituzten hainbat talde eta elkarterekin batera prestatu du egitaraua Bermeoko Udalak.
Udalak “hainbat berrikuntza” prestatu ditu hain bereziak diren egun horietarako. Idurre Bideguren Bermeoko alkateak adierazi duenez, herriko “kultura eta ohiturak, merkataritza, kirola eta ekintza solidarioak uztartzen dituen Gabonetako egitarau zabala” prestatu dute. Ume, gaztetxo zein nagusiek jarduera ezberdinetan parte hartzeko aukera edukiko dutela nabarmendu du.
Alkateagaz batera, Susana Regidor Kultura teknikariak, Nere Mintegi Behargintzako zuzendariak, Esti Arrizabalaga Musika eskolako zuzendariak eta Gabonetako ekintza ezberdinak antolatzen dituzten hainbat taldeetako ordezkariek aurkeztu zuten zapatuan gabonetarako egitaraua: Olentzeroren Laguntzaileak, Berazel, Budek elkartea, Eutsi Gogor Danok batera, Minbiziaren aurkako elkartea, Demiku elkartea, Erroxapeko Martxa eta Txirrindularitza taldea elkarlanean ariko dira, besteak beste.
Egitarauaren hasiera. Zehaztu zutenez, gabonetako egitaraua aste honetan abiaraziko dute. Izan ere,
etzi, abenduaren 5ean,
18:00etan,
udal azokan Gabonetako
argiak eta zuhaitza piztuko dituzte Julen Urdaibai bermeotar kirolariaren eta 25. Urteurrena betetzen duen Xixili Gimnastika taldearen eskutik.
Udalaren berbetan, Bermeoko azokan “gabon giro polita” sortuko da.
Azokako postuak zabalik egongo dira 1
7:30etik 20:00etara. Bertan, Berazel elkarteak herritarrentzat txokolatea eskainiko du eta Erroxapeko martxa taldeak Gabonetako kantekin giroa alaituko du.
Horiez gain, azokan beste hainbat ekintza egingo dituzte. Berazeleko ordezkariek azaldu zuenez,
abenduaren 14an eta 15ean, Gabonetako
azoka bereziak prestatuko dituzte. Abenduaren 14an, 10:00etatik 15:00etara eta 17:30etik 20:00etara egongo da irekita azoka eta Lanbide Hastapeneko sukaldaritza ikasleek egindako pastel eta tartak erosteko aukera egongo da 11:30etatik 15:00etara. Gainera, Bermeo eta inguruko artisauak egongo dira eta plazako postuak irekita egongo dira betiko ordutegian.
Udaleko eta elkarteetako ordezkariak, zapatuko aurkezpenean. Argazkia: Bermeoko Udala
Abenduaren 15ean, 9:00etatik 15:00etara egongo da irekita azoka berezia. Bertan, gabon giroan, plazako postuen kalitatezko produktuak eta eskualdeko baserritarren eta itsasoko bertoko sasoiko produktuak dastatzeko eta erosteko aukera izango dute bertaratzen diren guztiek: arrain freskoa, arrain kontserbak, barazkiak, frutak, haragia, gazta, arrautzak, esnekiak, sagardoa, txakolina, lorak, gaztainak, ogia, patea, gozoak egongo dira eskuragai. Gainera, taloa, txakolina eta sagardoa dastatzeko aukera ere izango da azokan.
Musika eta kirola. Musikak eta kirolak ere beraien txokoa edukiko dute gabonetan. Abenduaren 8an, ohitura den moduan, Sollube 707 mendizale taldeak antolatuta, Burgoara
mendi irteera egingo dute jaiotzea ipintzera eta abenduaren 15ean, 18:00etan
kirol erakustaldia izango da Artza frontoian. Erakustaldian Senior Gimnasia, karatea, gimnasia erritmikoa, zumba eta Line dance ikusteko aukera izango dugu; izan ere, talde ezberdinek urtean zehar egindako lana erakutsiko dute.
Abenduaren 15ean, 11:00etan
musika eskolako haize taldea, korua eta Erroxape abesbatza egongo dira udal azoka girotzen, eta umeek Cake pop sukalde tailerrean ondo pasatzeko aukera izango dute.
Ildo horretan, Musika eskolako zuzendariak azaldu zuenez,
musikak presentzia garrantzitsua izango du Gabonetako egitarauan. Izan ere, hainbat dira jai egunetarako antolatu dituzten kontzertuak. Abenduaren 16an, Erroxapeko martxak
gabonetako kalejira egingo du.
Abenduaren 18an, Musika eskolako taldeek
kontzertua eskainiko dute Santa Maria Eleizan eta abenduaren 19an, Bermeoko udalaren zaharren egoitzan eta Arrantzaleen museoan kontzertu bana eskainiko dituzte. Egun berberean, Erroxape abesbatzak Gabonetako doinuak kontzertua eskainiko du Erroxapeko lokalean.
Joan den urtean egindako San Silbestre lasterketa solidarioa
Gospel kontzertuaz gozatzeko aukera ere izango dute bermeotarrek, Goizargi Gospel Choir taldearen ikuskizunagaz. Kontzertua abenduaren 20an, eguenean, izango da Bermeoko Kafe Antzokian iluntzeko 20:00etan. Sarrerak 8 euro dira eta jadanik salgai daudela argitu dute. “Kalitatezko kontzertua izango da eta Gospel musikarekin gozatzeko aukera eskainiko digu”, azpimarratu du Bidegurenek.
Egun berean, Musika eskolako Arrekatxutxa triki-pandero taldeak Bermeoko Udalaren Zaharren egoitzan kontzertua eskainiko du eta Musika Eskolako koru txikiak eta Erroxape abesbatzak Egoitz Alai zaharren egoitzan eskainiko dute. Era berean, musika eskolako ikasleen kontzertua izango da Bermeoko Arrantzaleen museoan. Abenduaren 21ean, gainera,
Kanta Kanta Loruen kalejira ere egongo da udalerriko kaleetatik.
Gabonekin batera,
ekimen solidarioek berebiziko garrantzia hartuko dute. Horrela, abenduaren 14an, 18:00etan eta 20:30ean, Txo Sevilla Dantza taldeak antolatuta,
Gabonetako ekitaldi solidarioa egingo dute Laztana elkarteari laguntzeko.
Dagoeneko tradizio handikoa den
Gabonetako Mahai Zentroen Lehiaketa ere bueltan izango da. 21. aldiz egingo duten ekimenaren sari banaketa abenduaren 20an izango da Nestor Basterretxea aretoan. Horrez gain, aurten bigarren urtez, elkartasuna eta kirola uztatzen dituen ekimena prestatu dute abenduaren 31rako. Bigarrenez egingo duten
San Silbestre lasterketa izango da hori, eta Eutsi gogor elkartean alde egingo dute lasterketagaz.
Izotz Pista. Bidegurenek azaldu zuenez, aurtengo eskaintza barruan prestatu duten berrikuntza garrantzitsuena izotz pista izango da. Pista Lameran kokatuta egongo da.
Abenduaren 28an irekiko dutela jakinarazi zuten, eta urtarrilaren 6ra arte erabiltzeko aukera izango dute herritarrek.
Alkateak izotz pistaren inguruko xehetasunak eman zituen. Goizez eta arratsaldez egongo da irekita eta
ordu erdi inguruko txandak prestatuko dituzte,
bi euroko sarrera baten truke. Udalak nabarmendu duenez, jasotzen den dirua
helburu solidarioetara bideratuko dute. Gainera, erabiliko duten izotza sintetikoa izango da. Mota horretako izotza erabiliz ez dute pista mantentzeko argindarrik erabili behar. Hori dela eta, izotz pista guztiz jasangarria izango da, eta, aldi berean, izotza baino bigunagoa denez, erabiltzaileak erortzeko kasuan min gutxiago egingo dutela azaldu dute.
“Izotz pista hau oso erakargarria dela uste dugu eta herritar zein kanpoko pertsona guztiak gonbidatzen ditugu Bermeora gure izotz pistarekin, gure herriarekin eta gure dendetan eta gure tabernetan gozatzera”, azpimarratu zuen.