‘Klika’ lelopean, apirilaren 4an Nafarroako Gares herrian hasi eta apirilaren 14an Arabako hiriburuan amaituko da 21. Korrika. Fermin Muguruzak sortutako kanta indartsu eta berritzaileak musikatuko du
Iusioa, lana, kemena, magia, alaitasuna, emozioa, batasuna… berba asko batzen ditu Korrikak. 21.era ere ailegatu da, eta apirilaren 4an Nafarroako Gares herrian hasi eta apirilaren 24an Gasteizera heldu arte, Euskal Herriko bazterrak zeharkatuko ditu 21. Korrikak, Klika lelopean. Pausoz pauso, irribarrea ezpainetan duten herritarren ilusioagaz beteta helduko da lekukoak gordetzen duen mezua amaiera ekitaldira.
Beste behin, sekretuz eta misterioz beterik dator euskaltzaleen biurteko hitzordu berezienetakoa. Azaroaren hasieran argitu zuten leloa eta omendua Txillardegi izango zela, eta atzo jakitera eman zuten kanta. Klika KORRIKA 2019 izenburupean sortu du Fermin Muguruzak (abestiaren eta bideokliparen zuzendari artistikoa da). Elkarlana, errespetua eta transmisioa bezalako mezuak zabaldu nahi dituzte abestiagaz.
Mad Muasel, La Furia eta Muguruza bera dira interpreteak, eta musika, berriz, Kataluniako Chalart58 eta Muguruzak berak sortu dute elkarlanean. Abesti indartsu eta berritzaile modura aurkeztu zuten atzo. Trap, dancehall eta hip-hop doinuak eta euskal tradiziokoak nahastu dituzte.
Asier Amondo Korrikaren arduradunaren berbetan, AEKren eta Korrikaren “filosofiari jarraiki”, talde lana lehenetsi dute lan horretan, aurreko Korrikaren kantagaz egin zuten moduan. Bideokliparen grabazioa ere horren adibide da; izan ere, 100 lagunek parte hartu dute.
Amondok nabarmendu duenez, bi mundu irudikatu dituzte kantan, “talka adeitsuan”. Euskaraldia bete-betean dela aurkeztu dute 21. Korrikaren abestia, eta Korrikaren arduradunak ez dio izkin egin gaiari: “Ferminek ‘Klika’ egin zuen bere garaian, eta Belarriprest izatetik Ahobizi izateko jauzia egin zuen. Horrek eta bere esperientziak bultzatu gintuen beragaz harremanetan jartzera eta abesti honen enkargua egitera”.
Ibilbidea, abenduan. Ibilbide zehatza jakiteko apur bat itxaron beharko da oraindik. Izan ere, abenduan emango dute ibilbidearen berri, eta orduan argituko da Busturialdeko herrietatik zein egunetan eta ordutan pasatuko den.
Alabaina, apirileko hitzordua ailegatu aurretik, AEKri eta Korrikari ekarpena egiteko modu asko egongo dira. Esate baterako, Korrika Laguntzailea martxan dago. 12 euroren truke, Korrika Laguntzailea izatea zehazten duen pina jaso, eta horren truke hamaika abantaila eta deskontu eskaintzen ditu zenbait merkataritza eta ostalaritza lekutan.
AEKren euskaltegietan eskatu daitezke pina, txartela eta katalogoa. Era berean, nahi izanez gero, Internet bidez ere egin daiteke eskaria, www.korrika.eus atarian. Halaber, negozioren bat dutenek katalogoan sartzeko aukera eskaintzen dute webgunearen bidez ere. “Gure euskaltegietan Korrika Laguntzaile egiteko aukera ematen dugu, eta Durangoko Azokan AEKren postuan ere aukera egongo da”.
Iazko azaroan zendu zen Julen Kaltzada, 20. Korrikan; bera da ekimena abiaratu zuenetariko bat.
Korrikaren arropak ere dagoeneko Euskaltegietan dituzte herritarren eskura. Kamisetak, sudaderak, biserak, lepokoa eta, esaterako, lekukoa irudikatzen duen giltzatakoa erosteko aukera daukate herritarrek. Horrez gain, webgunearen bidez ere eskuratu daitezke.Korrika dendak ere jartzen dituzte.
Bestalde, otsailaren hasieratik, herriz herri Korrika Batzordeak martxan ipiniko dituzte. Busturialdeko hainbat herritan sortzen dituzte aipatu batzordeak, eta oraindik goiz den arren, bi eskualdeko arduradunek esan dutenez, oraingoan ere horrela izatea espero dute.
Otsailean eta martxoan Korrika Kulturala egingo dute. Bi urtetik behin ekimen hori egiteko duten eskualdeko eragile eta elkarteen laguntza ezinbestekoa dela azpimarratu dute AEK-ko kideek; asko eskertzen dute lekuan lekuko taldeen ekarpena. Beste behin, han eta hemen agenda kultural anitza egiten ahaleginduko dira, gustu guztien gozamenerako.
Materiala jaso eta banatu, kilometroak saldu, banatu eta markatu, Korrika berotzeko aurreko ekitaldiak, aurkezpenak… Apirila heldu bitartean askotariko lana daukate aurretik hango eta hemengo arduradunek. Ohi legez, nekea eta ardurak pilatu arren, gogotsu ekingo diote lanari, dena beharrezkoa baita euskarak behar duen abiadura hartzeko.
Busturialdeko albisteak euskaraz, libre eta kalitatez jaso nahi dituzu? Horretarako zure babesa ezinbestekoa dugu. Egin zaitez HITZAkide! Zure ekarpenari esker, euskaratik eginda dagoen tokiko informazio profesionala garatzen eta indartzen lagunduko duzu.
Tokiko informazioa profesionaltasunez eta euskaratik, modu librean kontatzea da gure eginkizuna. Horretarako zure ekarpena beharrezkoa da, eta ongi maitatzeko modurik zintzoena da HITZAkide egitea.
Ezagutu HITZAkide izatearen abantailak eta aukeratu HITZAkide izateko gustuko modalitatea.
Tokiko informazioa profesionaltasunez eta euskaratik, modu librean kontatzea da gure eginkizuna. Horretarako zure ekarpena beharrezkoa da, eta ongi maitatzeko modurik zintzoena da HITZAkide egitea.