'Kristalezko hezurrak' dokumentalaren emanaldia eta hitzaldia eskainiko dute Nestor Basterretxea aretoan
Dokumentalaren emanaldia bihar 19:00etan hasiko da. Ostean, hitzaldia emango dutela iragarri du Bermeoko Udalak.
Irune Ormaetxea Kirol zinegotziaren berbetan, ekimenaren helburua La Otra Mirada durangar ONGa Mongolian gauzatzen ari den proiektua gizarteratzea eta ezagutzera ematea da.
La Otra Mirada elkarteko euskaldunak 2012. urtetik arazo ezberdinak dituzten eskubiderik gabeko mongoliar haurrei duintasunez bizitzeko aukera emateko laguntzen aritu dira. Era horretara, eskola eta osasun eskubideak bermatzeko lana egiten dute. Dokumentalaren bitartez, euren lana ezagutzera eman eta, batez ere, errealitate hau eraldatzen lagundu nahi dute.
Horrez gain, ekitaldian Beñat Ormaetxea, Ander Txakartegi eta Koikili Lertxundi bizkaitar kirolariek parte hartuko dute. Joan den urteko abuztuan Mongolia Bike Challenge BTT lasterketa ospetsuari esker bizi izandako kirol esperientzia solidarioa euskal gizartearekin partekatuko dute.
Hizlariek azaldu dutenez, “sei etapaz osatutako karrera luzea bezain gogorra izan zen, ez, ordea, Nalaik herriko zenbait haurren bizi duten egunerokoa bezain gogorra”.
Egitasmora hurreratzen direnek txirrindularitzako materialaren zozketa baten parte hartzeko aukera izango dute. Udalak jakitera eman duenez, sarrera dohainik izango da, eta herritar guztiak ekimen horretara gonbidatu ditu.