Dagoeneko muruetarren artean tradizio handikoa egin den
Txerriki Eguna ospatuko dute. Urtero legez, abenduko lehen domekan bilduko dira udalerrian, eta aurtengoa
16. aldia izango da.
Jabier Ondarza Muruetako alkatearen berbetan, nekazaritza eta abeltzaintza ardatz zuten herri askok bizibide hori galdu badute ere, “izaera eta herri kulturan baserriko bizimoduaren jarraipena mantendu” egin da. Gainera, urteak igaro ahala ospakizuna Muruetako
Euskal Jai bilakatu da.
Txerriki Eguna “bizimodu horren isla” dela dio alkateak, “herriko nortasunaren aldeko erakusleihoa”. Horrela, hainbat ekimen prestatu dituzte domekarako.
Txerrikia dastatzeko aukera ederra egongo da Muruetan.
11:00etan hasiko dute eguna,
eliz ospakizunagaz batera. Hori bukatzerakoan,
azokako salmahaiak zabalduko dituzte
aterpe barruan, eta Txerriki Egunari
txupinazoa jaurtita emango diote hasiera.
Aurten
10 salmahai jarriko dituztela azaldu du Ondarzak. Bertan, jaki desberdinak dastatu eta erosteko aukera edukiko dute Muruetara hurreratzen direnek: besteak beste, eztia, gazta edota orturiak egongo dira. Ez hori bakarrik, artisauek egindako produktuak ere egongo dira.
Nola ez,
txerriki janak izango dira eguneko protagonistak. Herrikoek odolosteak, solomoak edota bestelako produktuak prestatzeko txosna jarriko dutela iragarri dute.
Eguerdian
Euskal Kantu Tradizionalen Emanaldiak musikagaz girotuko du herriko plaza. Izan ere, Bermeoko Kankinkabara Txistu Taldea, Zornotzako Otxotea, Gernika-Lumoko Gure Arbola Zaharra elkartea eta Foruko Korua ariko dira abestiak eta musika jartzen. Horiekin batera, EinGO Taldearen eta Urdaibai Dantza Taldearen dantzez gozatuko dute bertaratutakoek.
Azoka bukatuta,
herri bazkaria egingo dute. Beste batez
Kamiñoko jatetxean batuko dira herritarrak. Bazkarira joan nahi duenak jatetxean bertan
txartelak erosiko ahalko dituela jakinarazi dute antolatzaileek.
Ondarzak Muruetako eta inguruetako herrietako bizilagunak gonbidatu ditu Txerriki Egunaz gozatzera.