Lointek Gernika Bizkaia
47-78 Spar Citylift Girona. Hori izan zen atzo iluntzean [azaroak 28] Malosteko markagailuak zioena Eurokopako partiduaren amaieran. Gernikarrek denboraldiko
bigarren neurketa galdu zuten, bigarrena nazioarteko txapelketan eta bigarrena kataluniarren aurka. Eta Lointekeko arduradunen esanetan kataluniarrek merezita irabazi zuten: “defentsan intentsitatea falta izan zitzaigun, baloi asko galdu genituen, barruko jokoan gehiago izan ziren kanpokoak eta
Juana Molinaren lesioak ere zerikusia eduki zuen”. Atzoko garaipenagaz kataluniarrek multzoko lehen postua bermatu eta sailkapena lortu zuten.
Partiduaren hasieratik igarri zen jokoan asko zegoela.
Multzoko lidertza jokatzen ari ziren eta tentsioa nabaria zen Malosten. Kataluniarrek barruko jokoa bilatzen zuten etengabe Nadia Colhadoren bitartez. Baina jokoa hautsi zuena
Hampton izan zen. Lointekek nahi eta ezin, ez zuen aurkitzen uztaira iristeko bidea. Gironak estutu egiten zituen gernikarrak eta horrek hutsak sortzea ekarri zien etxeko neskei.
Atzoko partiduko jokaldi bat. Argazkia: Gernika KESB
Bigarren zatiaren hasiera
oso desberdina izan zen. Jazmon Gwathmeyk 3+1ekoa egin zuen lehenengo Maloste zutik jarriz eta Vanderwalek hirukoa sartu zuen ondoren Mario Lopezen taldeari esperantza ekarriz. Baina esperantza izpi guztiak zapuztu egin ziren; lehenengo kirolez kontrakoarekin zigortu zuten Gwathmey eta gero
Juana Molina Pradoren lesioa iritsi zen. Malkotan eta malosteko ikuslegoaren txalo zaparraderekin utzi zuen kantxa. Bi gertaera horiek etxekoen animoan zerikusia eduki zuen eta Girona bezalako taldeek ez dituzte halako momentuak barkatzen. 0-7ko partziala egin zuten orduan kataluniarrek eta gernikarrek ez zuten beraien indarguneetako bat den kontraerasorik gauzatu.
Itziar Ariztimuñok beste martxa bat sartu zion neurketari baina ez zen nahikoa izan.
Bost minutu eta 37 segundo izan zen Lointekek aldageletatik bueltan lehen saskiratzea egiteko behar izan zuen denbora. Kataluniarren defentsa gogorra eta gernikarren hutsak izan ziren horren eragileak. Hortzak estutu eta zaleen babesa behar izan zutenean jaurtiketetan edukitako eraginkortasuna falta izan zitzaion Lointek Gernikari. Hori gutxi ez eta bitartean Nadia Colhadok ez zuen barkatzen bere jokoarekin. Markagailua iraultzea zaila zirudien baina etxekoek ez zuten etsi. Hamar minutu geratzen ziren amaierarako eta
Naiara Diezen hiruko batek Maloste berpiztu zuen baina kataluniarrek ez zuten ezusterik nahi eta partidua euren aldera gehiago eraman zuten, erasoko erreboteak hartuz eta gernikarrak itoz. Azkenean 47-78 emaitza eta denboraldiko bigarren porrota.
Liga. Atsekabetzeko denborarik gabe liga txapelketa bueltan da Malostera. Asteak dira Dia ligako neurketarik jokatzen ez dela gernikarren etxean eta gogotsu daude Lopezen neskak. Baxi Ferrol talde galiziarra hartuko dute
zapatuan 18:30ean, etxekoen guztiz aurkako denboraldia egiten ari dena; zazpitik zazpi partidu galdu dituzte eta azkenak dira sailkapen orokorrean.
Bizkaiko Foru Aldundiak azaroaren 25aren harira antolatutako kanpainarekin bat egin zuten atzo bi taldeek. Argazkia: Gernika KESB