Bermeoko alkate Idurre Bidegurenek
herritarren aurrean agerraldia egin zuen atzo, bermeotarrek “udalaren egoerari eta kudeaketari buruzko informazio zuzena, gardena eta lehen eskukoa” izateko. 2018an Bermeon egindako
lan eta berritasunen berri eman zuen bertan, eta baita datozen hilabeteetarako udalak
aurreikusita dituen proiektuei buruz hitz egin ere.
Aipatutako proiektuen artean, Pergolan eraikiko duten
aparkalekua nabarmendu zuen alkateak. Azaldu zuenez, Bermeok “disuasio aparkalekuak” izateko beharrizanetik jaio da proiektua. Izan ere, udalak prest duen mugikortasun planari jarraituz, “kaleetan kotxe asko ari direla” nabarmendu zuen Bidegurenek, eta bai oinezko eta bai bizikleten erabiltzaileei lehentasuna eman nahi dietela azaldu zuen.
“Oinezkoentzako eta bizikletantzako herri erosoagoa egiteko kotxeak atera behar ditugu”, azpimarratu zuen Bidegurenek, eta horretarako herria inguratzen duten
aparkalekuen sare bat prestatzen ari direla argitu zuen. Izan ere, Txirritxa kalean dagoen aparkalekua berriztatu eta konpontzeko lanak dagoeneko hasita ditu udalak, eta horri Pergolan eraikiko duten aparkalekuak emango dituen
348 plazak gehituko zaizkio.
Bideguren, atzoko agerraldian.
Kotxeak kaleetatik ateratzeko horiek non utzi izateko guneak ezinbestekoak direla azpimarratu zuen Bidegurenek, eta mugikortasun planaren lehen pausoa aparkaleku horiek eskaintzea dela adierazi zuen.
Zarragoitxi. Bestalde, Zarragoitxi kalean egiten ari diren lanen atzerapenari buruz mintzatu zen alkatea. Bidegurenen berbetan, udalak egindako gunearen azterketa soziourbanistikoakoaren
emaitzak auzokideei abenduan eskainiko die, baina epe laburrean egin beharreko konponketak aipatu zituen. Alde batetik, Askatasun Bidetik Zarragoitxirako sarreran dagoen biribilgunea kendu egingo dute. Alkateak azaldu zuenez, gune hori suhiltzaileen eta osasun zerbitzuen ibilgailuentzat oztopoa izan daiteke. Auzoko igogailuan eta eskaileretan ere konponketak egingo dituzte.
Bermeoko
argiteria berria izan zen agerraldian jorratutako beste gaietako bat. Alkatearen hitzetan, udalak auzoen artean homogeneotasun bat izatea nahi du argiteria aldetik. LED argiteria jarri duten arren, auzoetan argitasun maila aldetik desberdintasun bat nabaritu dutela adierazi zuen, eta kale batzuk “ilun” geratu direla zehaztu zuen. Herritarren aldetik zortzi kexa jaso ditu udalak, eta arazo horiei konponbidea bilatzen ari dira.
Jolasgunearen proiektua. Bukatzeko, Erreten udalak eraikiko duen jolasguneari buruz aritu zen Bideguren. Proiektuak izandako arazoengatik atzerapenak egon direla argitu zuen alkateak. Izan ere, umeekin eta gurasoekin batera egindako parte hartze prozesuko emaitzak aztertu ondoren, prestatuta zuten proiektuak horiek betetzen ez zituela ikusi zuten. Halere, proiektuak
aurrera jarraitu duela nabarmendu zuen Bidegurenek: “esleipena eginda dago eta datorren urteko lehen hilabeteetan martxan jarriko dugu”. Udalak
martxorako lanak bukatuta izatea aurreikusten du.
Agerraldian, herritarrek dituzten zalantzak eta kexak plazaratzeko unea ere egon zen. Batez ere, alde zaharreko irisgarritasun arazoak izan ziren bermeotarrek aipatutako gai nagusiak.