Santamañe kale inguruko irisgarritasuna hobetzeko lanak bukatu dituztela iragarri du Bermeoko Udalak. Egindako lan horiekin kalearen “egoera asko hobetu” dela nabarmendu dute.
Irune Ormaetxea Bermeoko Urigintza zinegotziak gogoratu duenez, lan horien bidez Santamañe kaleko espaloia zabaldu eta berritu dute. Horretarako, Santamañe kaleko 16 eta 17 zenbakidun eraikinaren aurrealdearen dagoen hesia eraitsi da, eta lanak Kurtzioko sarreraraino egin dituzte.
Santamañe kaleko obrak, bukatuta. Argazkia: Bermeoko Udala.
“Hesi hori bere garaian jabego pribatu bat inguratzeko egin zen, baina, gaur egun, espaloi publikoa estutzen zuen eta irisgarritasuna bermatzeko behar den zabalera eragozten zuen”, azaldu du Ormaetxeak. Udalak lursail horren jabeekin akordio bat lortu ondoren, hesia eraitsi dute eta lur zati hori erabilera publikora zabalduko dute. “Berritu dugun espaloiaren luzera 135 metrokoa da eta azalera 500 m2-koa, Santamañe kaletik Kurtzioko sarreraraino”, adierazi du.
“Bizi kalitatea hobetuz”. Kale osoaren zoladura uniformea izatea lortu du udalak. Modu horretara, “askoz ere erosoagoa, seguruagoa eta irisgarriakoa da bertatik ibiltzea”, nabarmendu du zinegotziak, eta bertako bizilagunen “bizi kalitatea hobetu” dutela adierazi du. Ormaetxearen berbetan, “ekimen horrek, zalantza barik, inguru horretako irisgarritasuna eta itxura hobetzen lagundu du”.
Obrak gauzatzerakoan izandako oztopoen inguruan ere aritu da Ormaetxea. “Egia de lan hauetan atzerapen bat izan dugula; izan ere lanak egiten ari zen enpresa esleipenduna hartzekodun aurre lehiaketan sartu zen eta lanak utzi zituen. Egoera horri ahalik eta arinen erantzuten saiatu gara eta, beharrezko tramitazioak egin ondoren, beste enpresa batek jarraitu zuen lanekin”, azaldu du.
Santamañe kaleko lanak, orain dela gutxi Almike eta Trake kaleetan egindakoak bezala, irisgarritasun plangintzaren barne kokatuta daude. “Bermeo herri irisgarria izateko, Bermeoko Udalak irisgarritasun plangintza hori egin zuen eta urtero aurrerapausoak emateko konpromisoa dago”, azpimarratu du zinegotziak.