Basurdeak esku hutsik itzuli dira Kataluniatik, 53-13 galdu ostean
Erasoko eraginkortasunagatik irabazi du Santboianak. Partidua emaitza baino berdintsuagoa izan da. Hamaikagarren postuan daude gernikarrakGernika Rugby Taldea esku hutsik itzuli zen domekan Kataluniatik, UE Santboianaren aurka 53-13 galdu eta gero. Neu...
Erasoko eraginkortasunagatik irabazi du Santboianak. Partidua emaitza baino berdintsuagoa izan da. Hamaikagarren postuan daude gernikarrak
Gernika Rugby Taldea esku hutsik itzuli zen domekan Kataluniatik, UE Santboianaren aurka 53-13 galdu eta gero. Neurketa gogorra izan zen Nicolas Martinezen hamabostekoarentzat.Partiduko lehen minututik atzetik jarri ziren basurdeak, hasierako ostikoaren ondoren kataluniarrek egindako entsegu baten ondorioz. Etxekoen hasiera onari aurre egitea lortu zuten kanpokoek Santiago Viaña eta Matias Frutosen jokaldi baten ostean, eta markagailua 7-3ra hurbiltzea lortu zuten. Baina handik minutu gutxira, Santboianak aldea handitzea lortu zuen Jonnathan Bentleyk egindako beste marka bategaz; markagailuan 14-3 aldendu ziren.
Aldea nabarmena bazen ere, basurdeak hazi egin ziren zelaian, eta zailtasunen aurrean gora egin zuten. Lehenengo Bruno Mercantilek entsegu bategaz eta ondoren Matias Frutosek zutoinetara egindako jaurtiketa bategaz, 14-10ekoa ezarri zuten markagailuan. Minutu gutxira berriz ere puntuak batu zituzten gernikarrek Matias Frutosek erdietsitako zigor kolpe bategaz (14-13). Baina markagailua iraultzea posiblea zela zirudienean, etxekoek beste entsegu bategaz itxaropen guztiak zapuztu zizkieten basurdeei, markagailua 19-13 jarriz. Zelaian zegoen berdintasuna ez zen markagailuan islatzen, eta are gutxiago atsedenaldira joan aurretik Santboianak bereganatu zuen beste puntu sorta bategaz; atsedenaldian 26-13 zen markagailua.
Bigarren zatia ere antzerakoa izan zen. Parekotasuna zegoen zelaian, baina entseguak etxekoek egiten zituzten bakarrik; bosgarrena mele batean baloia lapurtu ostean heldu zen. Etxeko taldea joko erasokorregia egin barik eduki zituen aukerak ondo baino hobeto baliatzeko gai izan zen, eta gernikarren erasoko jokoa ere ezerezean utzi zuten. Partida amaitu aurretik Santboianak beste zigor kolpe bat gauzatu eta beste bi marka egin zituen, markagailua 53-13 utziz.
9. jardunaldia amaituta, basurdeek hamaikagarren jarraitzen dute, 11 puntugaz.