Matxulu, Talig, Hushe, Kane… Baltistango eskualdetik zehar, Hushe ibaiaren babespean sortutako herrixken izenak dira. Pakistango iparraldean dagoen eskualde hori munduko gunerik ederren eta harrigarrienetakoa da hura bisitatzen duten kanpotarrentzat.
Alberto Iñurrategi mendizalea eta Baltistan Fundazioko kidea. Argazkia: Baltistan Fundazioa
Hain zuzen ere, mendizaleen artean arrakasta handia duen helmuga da Hushe. Eskualde horretan munduko mendilerrorik garaienetakoa dago: Karakorum mendi multzoa. Karakorumen daude, berriz, 6.000 metro baino gehiago dituzten munduko mendi gehien. Horien artean, lau zortzimilako daude: K2, Broad Peak, Gasherbrum I eta Gasherbrum II. Agerikoa da, beraz, zergatik den hain gune erakargarria mendizaleentzat.
Mendi erraldoi horiek igotzera joan direnen artean, Alberto Iñurrategi, Juanjo San Sebastian eta Jon Lazkano euskaldunak daude. 1990eko hamarkadan hasi ziren Karakorumeko mendiak igotzen, eta, ordutik hona, hainbatetan bisitatu dute Husheko eskualdea. Bidaia horietan, hain eremu arriskutsuak eskalatzeko ezinbestekoak zaizkien
porter edo xerpekin harreman estua egin dute.
Herritarrei erreparatuta. Adiskidetasun horretatik abiatuta, Pakistango iparraldeko herritarrek duten egoeraz jabetu ziren mendizaleak. Hango biztanleen bizi baldintzak gogorrak direla ikusi zuten, ez soilik klimagatik, baita oinarrizko arlo askotan duten garapen falta handiagatik ere: esate baterako, hezkuntzan, osasunean, ekoizpenean edota genero berdintasunean. Egoera hori aldatu nahirik, Baltistan fundazioa sortu zuten 2001ean.
“Bitxia da. Bidaiatu dudanean, nire lehen helburua paisaiaz gozatzea izan da: mendiak, haranak, errekak… inoiz ez dut erreparatu jendearengan. Maitasunez bete naute inoiz ikusiko ez ditudan pertsonek. Haur horiek hezkuntza jasotzeko aukera izatea nahi dut”. Hala mintzatu da San Sebastian.
Hiru mendizaleak joan den astean izan ziren Gernika-Lumoko Astra fabrika sozialean. Han, Husheko biztanleek duten egoerari buruzko hitzaldia egin zuten. Mendizaleen ikuspuntutik betiere, Pakistanen azken 30 urteetan izandako esperientziak azaldu zituzten Iñurrategik, Lazkanok eta San Sebastianek. Hango herritarren artean sortutako harremanak nolakoak diren azaldu zuten, eta eskualdeak izandako eraldaketari buruz ere aritu ziren.
Mendi mundutik sortutako proiektua izan da fundazioa, baina urteak pasatu ahala helburuak handituz eta hedatuz joan dira, Baltistango herritarrek dituzten beharrizanak zein diren ikusita. Horrela, Iñurrategik bere zaletasuna abiapuntutzat hartuta egin beharrekoei buruz hitz egin zuen. Haren esanetan, “kirolariek gauzak egiteko filosofia bati jarraitu behar diote; azken finean, ardura bat dute”. Ardura horretatik, beharrizan horretatik jaio zen Baltistangoei laguntzeko gogoa.
Hushe bailarako ume eta gazteek jasotzen duten hezkuntza indartzea da Baltistan Fundazioaren oinarrietako bat. Argazkia: Baltistan Fundazioa
San Sebastian, berriz, fundazioak egindako aurrerapenei buruz aritu zen: Lehenengo mendi eskola sortu zuten hango jendearentzat. Hala, alpinismo teknikak ikasteko eta irakasteko eskola egin zuten. Horri esker, zamaketariak izateaz gain, gidari lanak egiteko aukera ere badute orain hangoek. Ondoren, ureztatze sistema eta nekazaritza garapenerako proiektuak etorri ziren.
Dena den, fundazioaren oinarria hezkuntzaren garapena dela azaldu du. Horren erakusgarri, herrixkako neskatoak eskolatzeko sortu duten proiektua dago, baita genero berdintasunaren alorrean egin dituzten sentsibilizazio kanpainak edota osasun alorreko trebakuntza tailerrak ere.
Baltistan Fundazioa. 2001. urtean sortu zen fundazioa, eta helburua izan da eskualdeko biztanleei beharrezko gaitasunak eta azpiegiturak eskaintzea. Baliabide horiek eskainita, gizon eta emakumeentzat berdintasunezkoa izango den garapen ekonomikoko eredu iraunkorra sustatzea da asmoa.
Elkartasunean mendia bide lelopean, fundazioak Baltistango herritarrek sortutako Felix Iñurrategi Foundation Baltistan Machulu erakundearekin egiten du lan. Bi erakundeek proiektuen jarraipena egiten dute elkarlanean, herritarren beharrizanak identifikatzeko eta horiei laguntza eskaintzeko ahalegina eginez.