Abenduaren 22tik 23ra lehiatuko dute Santanape Kiroldegian. Parte hartzeko kiroldegian bertan izena eman behar da, abenduaren 9a bitartean.
Parte hartu gura dutenek 8-12 jokalari arteko taldea osatu beharko dute. Taldeko 50 euro ordaindu behar dira, eta txapelketagaz bildutako dirua
Gernikatik Mundura gobernuz kanpoko erakundearentzat izango da.
16 urtetik gorakoek parte hartu dezakete. Hau da, 2002.urtera artean jaiotakoek izena eman dezakete.
Udalak iaz berreskuratu zuen txapelketa, eta berau antolatzeko duten
laguntza nabarmendu du Maria Uribe alkateordeak. Hain zuzen ere, Gernika Club-aren, Gernika Futbol Sala-ren, Arin Arin Atletismo Taldearen, Lumo Kirol Eskolaren eta Aldaba aldizkariaren laguntzagaz antolatu dute. Uribek aurreratu duenez, txapelketaren babesleetako bat den Euskaltelek sari berezia emango du: Atletic-en partidu bat palkoan ikusteko bi sarrera.
Aldaba Aldizkariak sortu zuen txapelketa
1984an (aldizkaria 1983an sortu zuten), eta Santanape frontoian jokatu zuten hainbat urtetan. Lehenenengo txapelketa hura urtarrilaren 5etik 6ra lehiatu zuten, eta bildutako dirua Gernika-Lumoko Udalari eman zioten, 1983ko abuztuko uholdeetan kaltetutako herritarrei laguntzeko.
Sei urtez jarraian egin zuten txapelketa, eta Teo Gandarias aldizkariko kidearen berbetan, “arrakasta handiko” txapelketa izan zen: “Lehenengo momentutik harrera ona izan zuen, eta talde askok parte hartu zuen. Aurre-kanporaketak ere egin behar izan genituen”. 1990etik 1992ra ez zuten 24 orduko txapelketarik egin, eta 1993. urtean antolatu zuten azkenenegoz, aldizkariaren 10. urteurrenagaz bat eginez.
Gerora, Deiadarrek hartu zuen Aldabaren lekukoa, eta ondoren SD Lorategieta Futbol Taldeak antolatu zuen Malosten.
Txapelketa aurkezteko agerraldia atzo arratsaldean egin zuten Santanape Kiroldegian.
Iaz 20 taldetik gorak parte hartu zuten. Baina, 80ko hamarkadan 30-40 talde artean egoten zirela aitatu du Gandariasek. Hala, txapelketa girotzeko, dantzak, bertsoak zein bestelako ikuskizunak egiten zituztela gogora ekarri du.
“Txapelketa historikoa da. Parte hartzaileei hainbeste poztasun eman dizkien ekitaldi hau suspertu egin behar dugu, eta merezi duen bultzada eman behar diogu”, adierazi du Uribek. Era berean, Pasealekuko Torneoa aurtengo udan berreskuratu dute, eta bertan izandako parte hartzea “arrakastatsua” izan dela zehaztu du. Hain zuzen, mota honetako ekintzak bultzatzearen garrantzia azpimarratu du Gandariasek.