Lekeitioko Udalak 8,4 milioi euroko aurrekontua proposatu du
Aurtengoa baino 142.770 euro gehiagoko aurrekontua prestatu dute 2019rako. Proposamen osoa ikusgai jarriko dute, herritarrek ekarpenak egin ahal izatekoDatorren urterako 8.437.448 euro izango ditu Lekeitioko Udalak, iaz baino 142.770 euro gehiago (iaz,...
Aurtengoa baino 142.770 euro gehiagoko aurrekontua prestatu dute 2019rako. Proposamen osoa ikusgai jarriko dute, herritarrek ekarpenak egin ahal izateko
Datorren urterako 8.437.448 euro izango ditu Lekeitioko Udalak, iaz baino 142.770 euro gehiago (iaz, 8.294.678 euro izan ziren). Proposamena Ogasun Batzordera eraman du udalak aste honetan. Udal Gobernuaren apustua «oinarrizko eta kalitatezko» zerbitzuak bermatzen eta mantentzen jarraitzea dela esan dute.2017ko aurrekontuagaz alderatuta, kultur atalera 51.000 euro gehiago zuzenduko ditu udalak. «Ikusgarri Zinema Aretoan egiten den zinema eta beste ekintza kulturalen programazioa mantentzeko laguntza jasoko du Zinemazale Elkarteak. Laguntza handitu eta baliabide berriak erosiko dira aretorako». Kaleka, Zine Bilera, San Pedro eta San Antolin jaiak bultzatu eta sustatzeko asmoa ere erakutsi dute. Horrez gain, herriaren garapenerako onuragarriak eta inpaktu ekonomikoa duten kirol ekintzak bultzatzen jarraituko dute. Bestalde, alderdi ekonomikoa sustatzen jarraitu nahi dute turismoari begirako material berria argitaratuz eta Kitto merkatari alkarteagaz elkarlana bultzatuz eta sakonduz.
Inbertsioen atalera, berriz, 791.360 euro bideratu nahi dituztela jakinarazi dute, eta besteak beste, hauek dira atal horren baitan aurrera eraman nahi dituzten egitasmoak: Santa Katalina paseoaren laugarren fasea (120.000 euro), Arropaineko espaloia amaitu, Elizatea-gasolindegiko urbanizazioaren bigarren fasea eta eraikinaren proi- ektua egin, Mendieta ontziola (30.000 euro), eskola publikoetan segurtasun neurriak lortzeko inbertsioak (90.000 euro), San Andres auzoko urbanizazioa bukatu, musika eskolako egoitza berriaren bigarren fasea gauzatu (135.000 euro), kirol instalakuntzetan hobekuntzak egin (100.000 euro), Abaroa jauregian leihoak aldatu (30.000 euro), lekeitiarrentzat uda sasoian aparkalekuak ziurtatzeko sistema guneak zabaldu, argiteria publikoa aldatu, IV. fasea (22.000 euro), HAPO (30.000 euro), bizikleten ibilbidea osatzen hasi (35.000 euro) eta merkatu plaza (50.834 euro).
Ekarpenak
Aurrekontu proposamena eratu asmoz, udalak herritarren ekarpenak jaso eta erantzun dituela azaldu du. Oraindik, baina, bigarren aukera bat edukiko dute herritarrek euren ekarpenak egin ahal izateko. Horretarako, aurrekontuen proposamen osoa ikusgai jarriko dute udalaren web orrialdean, eta azaroaren amaieran kaleratuko duten Udaletik aldizkarian ere argitaratuko dute.
Lekeition erroldatuta daudenek eta adin nagusikoak direnek abenduaren 14ra arte aurkeztu ahal dituzte ekarpenak udalaren edozein bulegotan, udalaren web orrialdearen bidez, partehartzea@lekeitio.eus helbide elektronikora mezua bidalita edota Whatsapp bidez 656 70 25 08 telefono zenbakira idatzita. «Ekarpenak egiten dituzten herritarrei hamar egunen buruan erantzungo zaie. Udal Gobernuak proposamenak baloratu eta abenduaren azken astean Ogasun Batzordea deituko da».
Abenduaren 20an, 19:00etan, aurrekontuei buruzko azalpenak emango dizkiete herritarrei Azkue Aretoan egingo den batzar zabal batean, eta abenduaren 26an, osoko bilkura deitzeko asmoa daukala zehaztu du udalak, «aurrekontuak eztabaidatu eta, ala balegokio, onartzeko».