Elkartasun melodiak
Fair Saturday mugimenduagaz bat eginez, Mertzedeko elizako oholtzara aterako dira Markina-Xemeingo musikari eta abesbatzak etzi. Izarbidean elkartearen aldeko kontzertua eskainiko duteMarkina-Xemeinek ere bat egingo du zapatuan Fair Saturday mugimendua...
Fair Saturday mugimenduagaz bat eginez, Mertzedeko elizako oholtzara aterako dira Markina-Xemeingo musikari eta abesbatzak etzi. Izarbidean elkartearen aldeko kontzertua eskainiko dute
Markina-Xemeinek ere bat egingo du zapatuan Fair Saturday mugimenduagaz. Herriko zazpi musikari eta talde elkartuko dira 17:30ean, Mertzedeko elizan, Izarbidean elkartearen aldeko emanaldi berezi-berezia eskaintzeko. Ilusiorik ez da falta ez antolatzaile ez parte hartzaileen partetik; ekimen solidarioagaz bat eginez, talentu guztia oholtzara ateratzeko prest daude Igor Larrinaga, Haizea Martiartu, Mikel Ansola eta Manuel Perez musikariak eta Emeki Korala, Xemein Abesbatza eta Xemein Gazte Ahots Abesbatzeko partaide guztiak.Iñigo Alberdi Euskadiko Orkestra Sinfonikoko zuzendari ohiaren proposamenez, 2014an egin zen lehen Fair Saturday Markina-Xemeinen. Alberdigaz gain, Maria Jesus Ugalde sopranoak, Xemein Abesbatzak eta Mikel Ansola musikariak parte hartu zuten orduan. Horrela, gaur egun Musikenen ikasten ari den organujole gaztearengana jo zuen Luis Egurrola Izarbidean elkarteko lehendakariak bigarren emanaldi bat prestatzeko proposamenagaz, eta berehala osatu zuten egitaraua.
Estilo ezberdinak batu eta gertuko emanaldi bat izatea nahi izan dute, zelan ez, herriko artistekin. «Kontzertu eklektikoa izango da. Musika estilo ezberdinak bilduko dituena:klasikoagoa, modernoagoa, ahotsak…», azaldu du Egurrolak.
Minutu gutxi egingo dituzte artistek oholtza gainean. Bata bestearen atzetik txandakatzen joango dira, ordubete inguruko kontzertua osatuz. Proposamen interesgarriak aukeratu dituzte, gainera, publikoarengana heltzeko.
Atseginez
2013 urtean Brankan taldea desagertu zenetik kontzertu gutxi eskaini ditu Igor Larrinagak. Baina Izarbidean elkarteari laguntzeko antolatu duten egitasmoak indartuta, kanta bat sortu du propio kontzerturako, «Izarbiean elkarteko neska-mutilei eskainia»: Ni eta zu Izarbidean. Horrez gain, Brankan taldeagaz egindako Begi Bideak eta Partikulak abestiak ere joko ditu.
Bartzelonatik (Herrialde Katalanak) zuzenean ailegatuko dela azaldu du Haizea Martiartu saxofonistak. «Entzulegoa hunkitu asmoz», kanta bi joko dituela iragarri du: jazz-solul kanta bat alde batetik, eta euskal kanta ezagun bat jazz estiloan, bestetik. Hasiera batean lagunduta joateko asmoa bazeukan ere, azkenean bakarrik aterako da oholtzara. «Saio pertsonalagoa izan- go da».
Mikel Ansolaren eskutik, Musikeneko musikari batek ere parte hartuko du emanaldian: Manuel Perez gitarristak. Perez izango da herritik kanpoko musikari bakarra. «Musikari bikaina da, eta gitarra klasikoa joko digu», aurreratu du Ansolak. Aitatu duenez, bere organuko atala eta Perezena izango dira kontzertuko klasikoenak.
Emakume konpositore biren lanak taularatuko ditu, bestalde, Emeki Koralak: gipuzkoar konpositore baten kanta euskaldun bat eta kantu ingeles bat. «Entzuleei momentu atsegin bat eskaintzeagaz gain, aletxoa jarri eta herriko talde bati ekarpena egin nahi diogu», azpimarratu du Yolanda Loira zuzendariak.
Xemein Abesbatzak ere kanta bi abestuko ditu: Itoiz taldearen Lau teilatu eta Pantxoa eta Peioren Azken dantza hau. Fair Saturdayn parte hartzen duten bigarren aldia izango da aurtengoa. 2014ko lehen ekitaldian ere parte hartu zuten, eta horregatik, oroigarria jaso dute Gugenheim museoan egindako ekitaldian. «Bigarren proposamenari ere baiezkoa eman diogu zalantzarik barik», azpimarratu du Itxaso Jaio lehendakariak.
Xemeingo Gazte Ahots Abesbatzeko abeslari gazteak ere elkartasun kontzertuaren partaide izango dira. Ken Zazpiren Itxasoa gara abestuko dute.
Kontzertua doakoa izango da, baina kutxa batzuk jarriko dituzte sarreran borondatea emateko.