Bizkaiko Arrain Kontserba eta Gazituetako langileen sindikatuek eta patronalak
hitzarmen berriaren aurreakordioa sinatu dute aste honetan. Hitzarmenean adostutako puntuen berri emateko agerraldia egin du LAB sindikatuak Gernika-Lumon.
Jobi Alkorta hitzarmenaren arduradunak akordioa lortu ahal izateko ibilbide luzea zer nolakoa izan den azaldu du. Urtebete inguru iraun duten negoziaketak
“zailak” izan direla adierazi du. Izan ere, aste honetarako hainbat geldialdi egiteko prest izan dira, horiek aurreakordioaren ondorioz “bertan behera” gelditu diren arren.
LABeko kideak, gaur goizeko agerraldian.
Azken 12 hilabeteetan 19 bilera egin dituztela zehaztu du Alkortak, aurreakordioa sinatu arte. Hitzarmen berriaren planteamendua
hiru urtekoa izango dela azaldu du,
2018tik 2020ra bitartekoa, hain zuzen ere.
Soldatak eta lizentziak. Adostutako gaien artean soldatak eta lizentziak izan dira gakoak LABeko kidearen arabera. Azaldu duenez, “langileen artean
emakumeak nagusi diren sektorea da arrain kontserberena”, eta hori horrela izanik,
“lizentzia eta beharrizan bereziak” izan behar dituzte langileek.
Amaia Roman LABeko kidearen arabera, hitzarmenagaz
soldatak igo eta KPIa onartzea lortu dute. Urtero igotzen denarekin batera KPIak
0,25eko igoera izango du hiru urte horietan.
Langileen
baimenei dagokienez, “hainbat hobekuntza” lortu dituztela azaldu du Romanek. Osasun arazoengatik espezialistengana joan behar izanez gero, langileek behar beste ordu edukiko dute baimenagaz.
Horrekin batera, senideei laguntzeko zortzi ordu eta lanegunetan ospitaleratuta dauden senideak zaindu ahal izateko bost egun izango dituzte. Bukatzeko, egun bakarreko ospitaleratzea behar izateko kasuan ere lizentzia eskuratu dute.
Ordezkarien ordu sindikalak elkarren artean
trukagarriak izatea ere lortu dutela nabarmendu du Romanek. Modu horretara, ordezkariak langileekin batera egoteko enpresa barruan antolatzeko erraztasunak izango dituzte. “Gure laneko tresnen barruan hobekuntza bat da”, adierazi du Alkortak.
Bestalde, 50 langile baino gehiago dauzkaten enpresetan
Berdintasun Plana adosteko batzorde bat eratzea erabaki dute, “kategoriak aztertzeko asmoz”. Oraindik zehazteke badago ere, patronalagaz alor horretan lan egitea adostu dute.
Adostutako onura guztiak
eragin orokorrekoak direla azpimarratu du Alkortak. “Alde sozialean eta patronalean gehiengoak sinatu duenez, kontratu iraunkorrak edo aldi baterakoak dituzten guztiek jasoko dituzte onurak. Hitzarmen berria eragin orokorrekoa da”.
LABeko kidearen berbetan, “hitzarmenean adostutakoa lortzea asko kostatu” zaie, “baina lan baldintza hobeengatik lan egiten jarraitzeko asmoa” dute.
ELA, hitzarmenetik kanpo. ELA sindikatua adostutako aurreakordiotik kanpo geratu da. Azaldu dutenez, hitzarmenaren hastapenetik “egun sektoreko langileek dituzten soldata baxuak nabarmen igotzea” izan da sindikatuaren helburu nagusienetako bat.
Bestalde, urteko lan jardunaldia murriztea ere bilatzen dute ELAko kideek, “bizitza pertsonala eta lan bizitza uztartzeko”.
Hasiera batean LAB, CCOO, UGT eta ELA sindikatuak batera lanean aritu baziren ere, eskakizunak “bileraz-bilera jaitsi” egin direla azaldu dute ELAkoek, eta horren aurrean sindikatua akordiotik irten egin zen.
Alkortak azaldu duenez, gainerako hiru sindikatuek batera “beste planteamendu batzuk” egin zizkioten patronalari, modu horretara hitzarmena izoztuta geratzea ekiditzeko.