Astilleruko gunea hobetzeko lanak hasi dituzte
Eusko Jaurlaritzako Portu eta Itsas Gaietako Zuzendaritza hainbat hobekuntza egiten ari da Ondarroako Astilleru inguruetan, udalaren eskariz.Zunbeltz Bedialauneta Ibaibarriaga Ondarroako alkateak azaldu duenez, lanak egiten ari diren eremua portu eta i...
Zunbeltz Bedialauneta Ibaibarriaga Ondarroako alkateak azaldu duenez, lanak egiten ari diren eremua portu eta itsas gaietako sailaren konpetentzia da gaur gaurkoz, eta aste gutxi batzuk barru ezagutzera emango duten hitzarmena sinatzeko baldintzetako bat dira lanak.
Udalak, besteak beste, Astilleru inguruko gunea atontzeko eskatu du, irisgarritasuna eta segurtasuna hobetzeko. Zaldubidetik datorren pasealekua «jarraipen barik» dagoela iritzita, behegaina maila berean jartzeko eskatu dute, orain dagoen espaloia desagertaraziz. Hobetze lanak aurreko astean hasi zituzten, eta bi hilabetean amaituko dituztela esan diete udaleko ordezkariei.
Petrila eraikitzen
Oraingoz, kukaña inguruan zegoen baranda kendu eta petrila eraikitzen ari dira. «Portu Zuzendaritzak petrila ipintzea erabaki du. Enbata egoten denean gune horretara ura sartzen da, eta babesteko ipiniko dute».
Gunean egiten ari diren lanak aprobetxatuta, gainera, kukaña ere aldatu egin dutela aurreratu du Bedialaunetak.
Aldi berean, Arraun Elkartearen aurreko gunea ere konpontzeko eskatu du udalak. «Behegaina ere ez dago egoki, eta hori ere konpontzeko eskatu genuen». Tarte horretan, gainera, barandak ipiniko dituzte, pantalan parean segurtasuna handitzeko. Atzo hasi zituzten gune horretako lanak, eta oraingoz, Erretoki aurreko gunea oinezkoei irekita badago ere, Arraun Elkarteko parea guztiz itxita dago. Bertatik igaro behar duten oinezkoek goitik igaro beharko dute, gunea ireki arte.