Belaunaldi desberdinetako herritarrak batzen ditu Muxika, Ibarruri eta Gorozikako bertso triki poteoak. Aurten laugarrenez egin dute, eta
urtez urte sendotzen doan ekitaldia da.
Txokorik txoko pintxoak dastatuz, eta bertsoz eta euskal doinuez lagunduta egiten dute erronda. Pintxo Lehiaketaren inguruan, giro ederra sortzen da, eta lagunartean ondo pasatzeko aukera ederra eskaintzen du.
Udalerriko
bost txokotatik egin zuten bertso triki poteoa zapatuan. 17:00etan Kurtzeron autobusera igo, eta Eleizalde auzoko Kolokainen izan zuten lehen hitzordua.
Ondoren, Maumeko Oizpe txokora joan ziren, eta handik Aritzako Atxelipera pasatu ziren. Jarraian, Ibarruriko Saltsamendi txokoan egin zuten geldialdia, eta amaitzeko, Gorozikako Gaukarin elkartu ziren.
EinGoko musikariak urtero egoten dira bertso triki poteoa girotzen.
Tripak jan-edanagaz ase bitartean, Onintza Enbeita eta Asier Galarza muxikarren eta Ibai Amillategi gernikarraren bertsoek jarri zieten arratsalde eta gau parteari gatza eta piperra. Hala, EinGo taldeko musikariek dantzan jarri zituzten herritarrak. 100 pertsonatik gora elkartu ziren zapatuan, eta arratsaldean hasi, eta gauerdira arte jai giroan murgilduta egon ziren.
Arrautza, perretxiko eta pernil nahaskiak, txistorradun taloa, ensaladillarena edota oilokidun pintxoa izan zituzten aukeran, eta denak ere ederto jan zituzten.
Pintxoen kalitatea ez eze, txokoetako bazkideek pintxoak zelan apaintzen dituzten ere nabarmendu zen beste behin. Ariatzan esaterako, oilar itxurako estalkiagaz aurkeztu zituzten pintxoak, eta Ibarrurin, domino itxurako pintxoekin herriaren izena idatzi zuten.
Gorozikan argitu zen aurtengo lehiaketaren irabazlea.
Ariatzako Atxelipekoentzat izan da aurtengo
txapela, baina, inor ez zen esku utzik bueltatu etxera. Izan ere, aurten, berritasun modura,
txoko guztiei amantal bana oparitu zieten eguneko oroigarri modura, eta parte hartzea eskertuz. Gainera, aurten parte hartu ezin izan duen Ajuriako txokoak ere jaso zuen berea.
Sormena, lanketa, zailtasuna, aurkezpena eta zaporea epaitzen dituzte herritarrek. 320 puntugaz irabazi zuten ariatzarrek, eta 306,5 puntugaz bigarren sailkatu ziren Ibarrurikoak. Baina, puntuazioa eta irabaztea gutxieneko da; txokorik txoko
udalerriari bizia ematea baita helburu nagusia. Herritarrak elkartu, eta ondo pasatzea, alegia.