Urte amaieran ezagutaraziko dute lonjako lanak nork egingo dituen
Hamar enpresa aurkeztu dira lonja berria egiteko lehiaketara. Lanek 22 milioi euroko oinarrizko aurrekontua daukate, eta 48 hilabetean gauzatu beharko diraEusko Jaurlaritzaren Ekonomia Garapen eta Azpiegitura Sailak adierazi duenez, urte amaiera orduko...
Hamar enpresa aurkeztu dira lonja berria egiteko lehiaketara. Lanek 22 milioi euroko oinarrizko aurrekontua daukate, eta 48 hilabetean gauzatu beharko dira
Eusko Jaurlaritzaren Ekonomia Garapen eta Azpiegitura Sailak adierazi duenez, urte amaiera orduko emango dute jakitera Ondarroako portuko arrain lonja berriaren eraikuntza lanak nork egingo dituen.Lonja berriaren lanak gauzatzea atzeratu zuten administrazio arloko trabak modu egokian gainditu ondoren, Jaurlaritzak abuztu hasieran iragarri zuen lanen lizitazioa, eta hamar enpresen proposamenak jaso dituzte: Ferrovial Agroman, Acciona Construccion, Valeriano Urrutikoetxea, UTE Urbelan-Balzola-Eldu, UTE Lonja Ondarroa, UTE Comsa-Comsa Industrial, UTE Construcciones Murias y Construcciones Amenabar, Olatec Ondarroa, UTE Ondarroa eta UTE Sacyr-Cycasa-Marizcurrena-Zubieder.
Lehiaketara aurkeztutako proposamen ekonomikoak aurreko astean eman zituzten jakitera, eta horietan emaitzarik altuena Bycam, Gaimaz eta Altuna eta Uriak osatutako UTE Ondarroak jaso zuen, behin-behinean. Baina Ekonomia Garapen eta Azpiegitura Sailak nabarmendu duenez, mota horietako aukeraketa «prozesuek nahikoa luze» jotzen dute. «Soluzio ekonomikoagaz gain, proposamenak baloratu eta baldintza tekniko guztiak eta gutxiengo batzuk betetzen dituen aztertu behar izaten da. Aldi berean, erreklamazio epe batzuk ere bete behar izaten dira. Egia esan, hainbat fase bete behar izaten dira. Gure kalkuluen arabera, Gabon bueltan jakingo dugu lanak behin-betiko nori esleituko dizkioten».
Lonja berria eraikitzeko proiektuari dagokionez, 22 milioi euroko oinarrizko aurrekontua eta 48 hilabeteko gauzatze epea ditu.
Lonjaren lanak hasi ez badira ere, Ekonomia Garapen eta Azpiegitura Sailaren aurrekontutik, bestalde, diru partidak bideratzen hasita daude, lanak finantzatu ahal izateko. 2018ko aurrekontutik 500.000 euro bideratu dituzte, eta 2019ko aurrekontutik 4,5 milioi euro gorde dituzte. 2020 eta 2021ean, beste horrenbeste bideratzea aurreikusten dute, eta 2022an, azkenik, 4,2 milioi euro.
Aspaldiko eskaera
Lonja berria eraikita, Ondarroako portuaren birgaitzeari ekitea da Jaurlaritzaren asmoa. Jaurlaritzaren arabera, portuko jardueren eta hiri ingurunearen artean bat egiteko espazioa sortuko da, «kontu berezia jarriz biek bat egiten duten guneen tratamenduan».
Bizkaiko Golko osoan arrain gehien lehorreratzen duen portua da Ondarroakoa. Datuak kontuan hartuta, urtero 40.000 tona arrain deskargatzen dituzte bertan. Lonja berriak, gainera, udalerriko arrantza sektoreak duela ia 50 urtetik duen eskaria beteko luke. «Antzinako konpromisoa bete eta arrantza sektorearen beharrei erantzunez, lonja berriak Ondarroako portuko jarduera dinamizatu eta birgaituko duela» nabarmendu du Arantxa Tapia Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretako sailburuak.
Proiektua aurrera eramateko baldintza garrantzitsuenetarikoa lonja berriaren lanak egiten ari diren bitartean arrantza eta portu jarduerari eutsi ahal izatea da. Hori dela eta, lanak lau fasetan gauzatuko dituzte.
Lehen fasean iparraldeko kaian dagoen lonjaren eraikuntza lanak egingo dituzte. Lanak kaiaren muturretik hasiko dituzte, erdialderuntz jarraituz. Fase horretan, egungo Kofradiaren eta Itsas Kapitaintzaren eraikinak eta azken horren barruan dagoen Transformazio Zentroa kontserbatuko dira. Egungo pisuak martxan jarraituko du, eta egungo aparkalekuaren gune bat arraina deskargatzeko eta arrantza lanak egiteko egokituko dituzte. «63 leku inguru izango dituen behin-behineko aparkalekua egokituko da».
Bigarren fasean, aldiz, iparraldeko hegala eta administrazio eraikinaren parte bat amaituko dituzte. «Kofradiaren bulegoak lekuz aldatuko dira, eta ondoko eraikina eraitsiko da, Kapitaintzarenak oraindik zutik iraungo duen arren». Transformazio Zentro berria martxan hasiko da, eta, ondorioz, eraikitako lonjak erabateko funtzionaltasuna izango du, arraina deskargatzeko gune leku horretara eramanez. «Egungo pisuak funtzionatzen jarraituko du, eta lonjarako behin-behineko sarrera egokituko da haren ondoan. Hegoaldeko hegaleko lur mugimendu eta zimendatze lanak hasiko dira. Egidazu kaiko azaleran 60 aparkaleku inguru egokituko dira».
Hirugarren fasean, berriz, lonjaren hegoaldeko eraikuntza lanak amaituko dituzte, baina ez dituzte martxan ipiniko. Iparraldeko hegalak ordura arte bezala jarraituko du funtzionatzen, pisuagaz. «Behin-behineko lanetarako, beste sarbide bat egokituko da ibilgailuentzat, lonjaren mailara ailegatzeko. Marinoileko ponpaketa gela lekuz aldatuko da, eta, horretarako, egungo tankeak baliatuko dituzte».
Lau solairu
Laugarren fasean, azkenik, lonjaren erdialdea osatuko dute. Baxurako ontzientzako pisu berria instalatuko dute, besteak beste.
Gune horretako eraikuntza lanak amaitu ostean, instalazioen loturak ezarriko dira iparraldeko hegalarekin, eta lonja osoa erabat funtzionatzen hasi ahal izango da. Lur sailaren ingurunean urbanizazio lan osagarriak egingo dituzte. Hori bai, lonja berria «hiri ingurunearen modu egokian integratuko» dute.
Eraikin berriak lau solairu edukiko ditu. Beheko solairuak L handi baten itxura edukiko du, eta 7.939 metro kuadroko lur sail erabilgarriaren parte handi bat hartuko du. Lonjarako sarbide orokorrak eta arrain benta bertan egongo dira, baita lonjaren erabilera gehienak ere: kamioien maniobrarako, kargarako eta deskargarako gune handi bat, izotz lantegiaren gordelekua, izotz hartunea, kamera hozkailuak… Beheko solairuak, gainera, baxurako zein alturako jarduera modu malguan antolatzeko aukera emango du, igarobide luze bategaz.
Lehen solairuan, berriz, erabilera publikoko eta arrantza jardueragaz lotutako lan guneak egongo dira, bereizitako hiru gunetan banatuta. Eraikinaren solairu horretan, Ondarroako saregileentzat erreserbatutako lokala egitea aurreikusi dute. Solai- ruaren iparraldeko aldean, berriz, izotz fabrika eta hango makina guztiak egongo dira.
Eraikinaren goiko solairuek, bestalde, beheko biek baino askoz ere azalera txikiagoa izango dute. Hala eta guztiz ere, eraikinetik gehien ikusiko den aldea izango dela jakitera eman dute. «Fatxada sistema kortina zeharragi horma motakoa izango da, eta, modu horretara, eraikinak itsasargi modura funtzionatuko du gauez». Administrazio arloko erabilera guztiak jasoko dituzte, eta azken hiru solairu horien antolakuntza antzekoa izango da. Solairuetako batean lonjaren kudeaketa egongo da, eta beste bietan kofradia eta merkaturatzaileak eta OPPAO eta Itsas Kapitaintza egongo dira.