"Lasaitasun giroan" hasiko du Iparragirre elkarteak aurtengo denboraldia
Domekan hasi eta ekainera bitarteko denboraldiari hasiera emango dio Gernika-Lumoko Iparragirre Rock Elkarteak. Aurten, aurreko urteetako emanaldien tankera baztertu barik, berritasunekin etorriko da herriko taldea. Hain zuzen, domeka izango da aurtengo berezitasunen adierazle paregabea; 12:30ean hasi eta 15:00ak bitarte, musika, jatekoa eta edatekoa egongo dira aukeran.
Rock&Rally jaialdia egiteari utzi zietenetik, bariku-zapatuetarako kontzertuak antolatzeari ekin zieten taldeko kideek. Aurten, baina, emanaldi horien gehigarri bezala, domekak girotzera etorriko da Iparragirre Rock Elkartea. Iazko denboraldia «ondo» joan zen; talde handirik ekarriz ez bazuten ere, «publikoak ondo erantzun zuen». Aurtengorako, baina, eskaintzari buelta eman eta zerbait desberdina eskaintzea pentsatu dute: «Ez dugu eskaintza ezberdinik ikusten, ezta domekatarako musika eskaintzarik ere; horregatik erabaki dugu denboraldiko pare bat kontzertu formatu horretan ematea».
Hirietan «funtzionatzen» duen formatua dela azaldu dute taldekideek, eta Gernikan esperimentatu nahi dute. Domeketako saio horiek, gainera, taldekideak mugitzen diren musika estiloetatik ateratzea ahalbidetzen dutela uste dute.
Guztiz ezberdina. Domekakoa eguerdian izango da, eta aurrera begira egingo dituztenak eguerdian edota arratsaldean izan daitezkeela aipatu dute.
Etzirako 12:30ean jarri dute ordua Iparragirren bertan. Batetik, Maddi igoko da taula gainera. «Kontzertu klasikoagoa» emango du abeslariak, gitarra eta baxuagaz lagunduta. Bestetik, Bartzelonako Marina Herlopen bisita hartuko du rock elkarteak. Azken horren apustua «oso ausarta eta ezberdina» da, Iparragirrekoen arabera. «Piano batez lagunduta, efektu lirikoa egiten du, ahotsaren soinuagaz jolasten duen bitartean. Oso berezia da, eta espero dugu lasaitasun giroa sortzea».
Musika emanaldiek girotuko dute ingurua domeka eguerdian, baina jan-edanerako tartea ere egongo da: gildak, pintxoren bat, marianitoak… egongo dira aukeran. «Eguerdiko kutsua izango du, guztiz ezberdina izango da».
Bertaratu nahi duenak 6 euroko sarrera ordaindu beharko du: salgai daude, hain justu, Gernika-Lumoko Ospa eta Arima tabernetan.
Aurrera begirako emanaldiak lotzeko lanean dabiltza, eta horien berri sare sozialen bitartez emango dute: «Aurten, aurrerapen handiagoagaz jakinaraziko ditugu emanaldiak».
Emakumeen egunaren harira, esaterako, aurreratu dute badutela asmoa zerbait antolatzeko. Iaz, Morefest jaialdia antolatu zuten, taula gainean emakumeen presentzia aldarrikatzeko. Eta aurtengo denboraldian ere, norabide berean jarraituta, aurrerapausoak eman nahi dituztela azpimarratu dute: «Ahal dugun heinean, behintzat».