Joserra Diez busturiarra UEUko kide eta EHUko Bilboko Hezkuntza Fakultateko irakasle agregatua da Zientzia Esperimentalen Didaktikaren alorrean. Natur Zientzien III. Topaketan
Ingurumen hezkuntza, gizarte jasangarrirako bide? hitzaldian parte hartuko du.
Zer nolakoa da gaur egun jasotzen dugun ingurumen hezkuntza?
Orain dela 50 urte lehenengo biderrez hasi zen ingurumenaren hezkuntzari buruz hitz egiten nazioarteko erakundeen aldetik. Urteurren garrantzitsua da, baina mende erdi ondoren ikusten dugunez, ingurumenaren egoera ez da hobetzen joan, are gehiago, gizarte berriek eta agintean daudenek ez dute lortu garai hartan ezarri ziren helburuak betetzea.
Ez dugu kontzientziazioa edo herritarrak sentsibilizatzea bilatzen. Ingurumenaren inguruko erabakiak hartzerakoan norberak gaiari buruzko ezagutza izatea da bilatzen dena, eta koherenteak izanik erabaki egokiak hartzea da.
Beraz, kontzientziazio aldetik hobetzen ari gara, baina garapen teknologiko eta ekonomikoak are gehiago eragiten dio ingurumenari.
Bai, noski. Azkenengo 25 urteetan, eta batez ere azkenengo hamarkadan, garapenaren abiadura izugarria izan da. Orduan, gure beharrizanak, mugikorrak, esaterako, handituz doaz. Gure gaur egungo bizimodu kontsumistak eragin handia du planetaren gainean eta pertsonen gainean.
“Askok uste dute ingurumen hezkuntzak porrot egin duela”
Beraz, ingurumenarekiko hezkuntza hobetu beharra dago.
Bai. 50 urte igarota, askok uste dute ingurumen hezkuntzak porrot egin duela. Lan izugarria dugu aurretik. Jasotzen dugun hezkuntzak pertsonengan bizi den ingurumenarekiko kontzientzia eta interesa suspertu beharko luke. Horretarako ezagutza, trebetasuna, jarrera, motibazioa eta portaera ezinbestekoak dira egungo arazoei irtenbideak bilatzeko.
Txikitatik ikasten hasi eta ohitura onak hartzen joatea garrantzitsua da?
Txikikatik interesa hartu eta ezagutza lortzea garrantzitsua da, baina umeengan gehiegi zentratu gara. Bigarren Hezkuntzako ikasleek ere jasotzen dute arlo honetako hezkuntza, eta hortik aurrera unibertsitateko graduetan ez da honi buruzko ezer jorratzen.
Ingurumen hezkuntza ezin da soilik eskoletako lehen etapetan zentratu, bizitza osora hedatu beharko litzateke. Umeen interesa eta ikasteko gaitasuna oso handia da, baina hartutako ohitura onak galtzen doazela ikusten dugu. Bizitza osoan landu beharreko kontua da.
Zer nolako inpaktua eragiten dugu ingurumenean?
Eragiten dugun inpaktua izugarri handia da. Orain gutxi arte eskala txikian egiten bazen ere, iraultza industrialetik hona gizakiaren eraldaketa ahalmena izugarri hazi da. Hortaz, eragin globalaz edo aldaketa globalaz hitz egiten ari gara. Planetaren %80 eraldatu dugu dagoeneko.
Gaur egun, ez dakigu zenbaterainoko eragina izaten ari garen ingurumenean, baina gaur egun ere harritzen jarraitzen dugu. Esaterako, ibaietara edo itsasoetara botatzen dugun plastikoari buruz aritu gara urteetan, eta orain dela gutxi ohartu gara plastiko horien kopuru batek gure sabelean bukatzen duela.
Hezkuntzarako eta ingurumen hezkuntzarako programak diseinatzen dituzu. Zer lantzen da horietan?
Uragaz lan asko egiten dugu. Normalean jendeak ez daki edaten duen ura nondik datorren, ezta ere nora doan erabili eta gero. Lurraldearen ezagutza ezinbestekoa da horretarako, ekosistemen ezagutza, lurzoruaren balioa, lur erabilpenaren garrantzia… eta, noski, gure kontsumoa ezagutu behar dugu. Horretarako, uraren fakturagaz norberaren gastuak aztertzen ditugu.
Edonola ere, uraren zikloa modu estatikoan ez dela erabili behar frogatu dugu. Abstraktuegia da. Beraz, urari loturiko gertuko gatazkak erabiltzen ditugu gure ikasleekin, arrazoizko jarrerak, rolak eta ezagutza zientifikoa erabiliz balizko irtenbideak proposatzeko.
Zu zeu ibai ekologian aditua zara. Gure ibaiak zaintzeko ahaleginik egiten dugu?
Nire ustez, oso ahalegin gutxi egiten ditugu gure ibaiak eta errekak zaintzeko. Halako ibai-
ak, horrelako gizartea esan ohi da. Eta gure kasuan egiten duguna ez da nahikoa. Oso jende gutxik ulertzen du ibaiek eta errekek arroagaz daukaten lotura, eta ez direla ura eramaten duten ubideak soilik.
“Bizimodu kontsumistak eragin handia dauka planetaren gainean”
Gainera, ibaien zaharberritze proiektuetan parte hartzen duzu. Zer egiten da horietan?
Hasteko, ibaiekin diagnostiko klinikoa egiten dugu. Gure gorputzaren osasunagaz alegoria egin genezake. Gorputza arroa izango litzateke, eta ibai sarea gure arteriak eta zainak. Gure dieta eta ohituren arabera, medikuek berehala detektatu dezakete odolaren bitartez gure osasun egoera, ezta? Horrez gain, erradiografiak, eskanerrak edota ekografiak egiten dizkigute. Guk horrelakoak egiten ditugu ibai eta erreketan.
Gaitzak diagnostikatzen ditugu: arro mailako inpaktuak, eraldaketa morfologikoak, sedimentuen garraioa, uraren kalitatea, komunitateen konposizioa eta ugaritasuna edo espezie inbaditzaileen presentzia, esaterako. Ibaiak zaharberritzeko zenbait estrategia daude. Ura, sedimentuak, espazioa eta denbora giltzarriak dira. Lekuan lekuko errezetak diseinatzen ditugu ibaiagaz batera bere funtzionamendua bermatzeko.
Azken hilabetetan ingurumen hezkuntza eta uholde arriskua lantzen hasi gara. Beste hainbat tokietan bezalaxe, neurri estrukturalak nahikoa ez direla arriskuari aurre egiteko ikusita, pertsonen konpetentziak jorratzeko lanean hasi gara. Alfabetizazio zientifikoa, parte hartze publikoa eta entrenamendua bateratzen ditugu horretarako.