Europako titulua berresteko borrokatuko du Lejarragak bihar
Welter pisuko Europako gerrikoa lortzeko borroka lehiatuko dute bihar gauean Barakaldoko BECen. Kerman Lejarraga morgarra bere titulua berresteko igoko da ring-era. Horretarako, Frankie Gavin ingelesa gainditu beharko du.
Britainiarrak urtebete baino gehiago darama borrokatu barik. Lejarraga da faborito argia. Euskal zaleek ikuskizuna bermatuta izango dute, beste behin. Halaber, etxeko aurreko borroketan moduan, oraingo honetan ere, bertokoen animorik ez zaio faltako. Esate baterako, Morgako Udalak Morgako errebolberra ikustera joateko autobusa antolatu du lehenengoz.
Lejarragak markak hausten jarraitu du, eta boxeoan puntaren-puntan jarraitzeko gogor lan egiten du, beti ere bere ezaugarri den umiltasuna mantenduz.
Gorenean. Borrokaz borroka, lorpenak pilatzen ari da. Nazioarteko Boxeo Federazioaren (International Boxing Federation) zerrendan bosgarren postuan dago. Munduko Boxeo Erakundekoan (World Boxing Organization) laugarrena da, eta Munduko Boxeo Elkarteko ranking-ean (World Boxing Association) zortzigarren dago.
Bere kirol ibilbidea hasi zuenetik dena irabazi du. Lehiatutako 26 borroketan nagusitu da, eta horietatik 21etan KOz garaitu du aurkaria.
Hala, oraintsu, goi mailako euskal kirolariak batzen dituen Basque Team Fundazioagaz bat egin du morgarrak.
Telebistan. Barakaldora bertaratu ezin direnek boxeo jaialdia telebistan ikusteko aukera dute. ETB1en emango dute, 21:05etik aurrera.
Gaueko ekitaldi horretan, luma pisuko Espainiako Txapelketaren lehiaz gozatzeko aukera edukiko dute boxeozaleek. Ibon Larrinaga bilbotarra Carlos Ramos madrildarraren kontra borrokatuko da. Bilboko boxeolariak azken lau borroketako bi galdu ditu: Aritz Pardal valentziarraren aurkakoa eta Madison Square Gardenen Michael Conlan irlandarraren aurka egindakoa.