Beti Jai elkartekoek 150 korda prestatu dituzte Odoloste Egunerako
Iazko harrera onak animatuta, bigarren Odoloste Eguna antolatu du Markina-Xemeingo Beti Jai jubilatuen elkarteak biharko.Astelehen arratsaldean hasita, aste osoa daramate prestaketa lanetan hamar lagun inguruk. Joan den urteko kopuru guztia (100 korda)...
Astelehen arratsaldean hasita, aste osoa daramate prestaketa lanetan hamar lagun inguruk. Joan den urteko kopuru guztia (100 korda) amaitu zela ikusita, aurten gehiago egitea erabaki dute. Horrela, 150 korda inguru prestatuko dituztela aurreratu dute, Beti Jai elkartearen egoitzaren aurreko plazan ospatuko den ekitaldian eskaintzeko.
Beti Jaiko kideek azaldu dutenez, 780 porru, 84 kilo tipula, 4 kilo gatz, 35 kilo koipe eta 25 litro odol erabiliko dituzte odolosteak prestatzeko. Lan handia dela aitortu dute, baina iaztik badauzkate tresna batzuk, eta mahai ezberdinetan banatuta, taldeka lan egiten ari dira herritarrentzako jai ederra prestatu asmoz. «Odolosteen barruko masa prestatzeko porru eta tipula guztiak txiki-txiki egin ditugu hasteko; ondoren, sueztitu egin ditugu, eta azkenik, odola bota eta makinaren laguntzagaz ma- sa esteetan sartzen dugu», azaldu dute. Odolosteak egiteko era asko daudela aitatu dute, baina ahal den gozoenak egiten saiatzen ari dira.
Erromeria eta guzti
Dastaketa 12:30ean hasiko da. Aurten, mahai ezberdinak jarriko dituztela zehaztu dute. «Batzuetan odoloste pintxoak egongo dira, eta besteetan odoloste osoak salduko ditugu».
Egunari oraindik jai giro handiagoa emateko, erromeria ere antolatu dute aurten. «Itziarko Jon Ostolaza eta taldea etorriko dira soinu, pandero eta jasbanagaz jaia animatu eta dantzarako aukera ere egoteko».