Aurreko ikasturtean egin moduan, oraingoan ere eskualdeko ikastetxeera hurbilduko da HITZA. Gaur goizean Bermeoko San Frantzisko Herri Ikastetxeko
Lehen Hezkuntzako 5. eta 6. mailetako hiru talderekin egon gara.
Lea-Artibai, Mutriku eta Busturialdeko Hitza egunkaria zelan egiten dugun kontatu diegu, bai eta gure
webgunea zelan elikatzen dugun ere. Lehenengo, papereko edizioaren atal, testu tipologia eta elementu desberdinak aztertu ditugu elkarrekin. Ondoren, berriz, webgunea arakatu dugu atalez atal, eta argazki galeriak eta bideoak ikusteko tartea ere eduki dugu.
Era berean, gure albiste, elkarrizketa, erreportaje, argazki galeriak edota bideoak zabaltzeko
sare sozialek duten garrantziaz ere aritu gara. Busturialdeko Hitzaren Twitter, Facebook eta Instagram kontuen nondik norakoen berri eman diegu.
Kazetaritza lana zelakoa den bertatik bertara ezagutzeko aukera izan dute 3. zikloko ikasleek. Esaterako, elkarrizketak zelan prestatzen eta egiten ditugun azaldu diegu.
Datorren barikuan [azaroak 23] ere San Frantzisko Herri Ikastetxean beste saio bat egingo du, eta hilabetea bukatzeko, udalerriko Eleizalde Ikastolara joango gara.