Teatro Paraiso konpainiaren eskutik, Erpurutxo umeentzako antzezlana egongo da ikusgai
bihar, Bermeoko
Nestor Basterretxea aretoan, 18:30ean.
Perralten ipuinaren antzezlana egingo dute. Argazkia: Bermeoko Udala.
Teatro Paraisoko kideek azaldu dutenez, Erpurutxo ipuinean, ume txiki eta burutsu batek anai-arreba eta senide guztiak salbatzen ditu, nahiz eta gurasoek, baliabiderik ez zutelako etsita, basoan utzi izan. Askotariko gaiak jorratzen ditu Perraultek ipuinean, eta, zalantzarik gabe, horietariko bat abandonua da.
Erpurutxo antzezlanean, jatorrizko istorio hori aurkeztuko dute antzezleek, baina abandonuari garrantzi berezia emango diote eta, testuinguru gisa, egungo gizartearekiko paralelismoak agerian uzten dituen egoera bat jartzen dute. “Perraulten Erpurutxo ikusi nahi duenak hori ikusiko du, eta ipuinaren beste ikuspegi erakargarri bat ikusi nahi duenak, ordea, hori ere aurkituko du”, nabarmendu dute.
Txiki zein nagusientzat. “Umeentzako dibertigarria eta helduentzako hunkigarria” den kontakizun hori aita-seme batzuen arteko harremanaren bidez aurkezten du Teatro Paraisok. Horregatik, ikuskizuna gurasoentzat eta seme-alabentzat egina dagoela argitu dute.
Antzezlana
bost urtetik gorako umeei zuzenduta dagoela jakitera eman dute.
Sarrerak 4 euroren truke erosi ahal dira eta jadanik salgai daude Bermeoko Gizarte eta Kultura etxean,
Kutxabanken webgunean eta BBKren zerbitzu anitzetarako kutxazainetan. Leihatilan ere salgai jarriko dituzte, biharko geratzen badira, 18:00etatik aurrera.