Joan Mari Torrealdai kide duen Jakin taldeak jasoko du Gipuzkoako Urrezko Domina
Gipuzkoako Foru Aldundiak pentsamenduan, kultur eragintzan, argitalpengintzan, euskal kulturan, eta euskara batuan egindako lanaren aitorpen gisa sarituko du bereizgarri gorenagaz Jakin taldea. Hain zuzen, abenduaren 19an hartuko du taldeak Urrezko Domina.
Aitorpenaren berri jakin zuenean, esker ona agertu zuen Joan Mari Torrealdai forutarrak talde osoaren izenean: “Jakinen oarte hartu duten guztientzako saria da Urrezko Domina. Talde historikoko lau kideek ez ezik, bidelagun izan ditugun guztiek egin baitute Jakin. Baita egungo Jakineko lantaldeak ere. Etorkizunera begira aritzeko bultzada ere bada saria”.
Imanol Lasa foru bozeramaileak azaldu duenez, Jakin taldeak bere ibilbide luzean egindako lanaren izaera era honetan laburbildu daiteke: “Euskal kultur adierazpenak modernitatearen bidean kokatzen jakin du, guztizko askatasun intelektualari inoiz uko egin gabe, Mendebaldeko zibilizazioaren balio aurrerakoien funtsaren gainean proiektu sortzaile iraunkor eta ireki bat eratzeko”.
Kultura taldea, aldizkaria eta argitaletxea da Jakin, eta talde historikoko kide dira Joan Mari Torrealdai (Forua, 1942), Joseba Intxausti (Segura, 1936), Joxe Azurmendi (Zegama, 1941) eta Paulo Agirrebaltzategi (Araotz, 1942).
Arantzazuko santutegiko frantziskotarren inguruan sortu zuten Jakin taldea, eta Jakin aldizkaria izan da ardatz nagusia. Lehen zenbakia 1956. urtean kaleratu zuten, frankismo bete-betean. Bederatzigarren zenbakitik aurrera, Joseba Intxaustik hartu zuen zuzendaritza lanen ardura, baina 1968an Torrealdaik hartu zuen bere lekua, Espainiako Gobernuaren debekua etorri zenean, hain justu. Eta debeku horri jarraiki, 1969tik 1977ra argitaletxe izan zen Jakin. Azken urte horretatik aurrera, baina kultur aldizkari bilakatu zen Jakin. Hala ere, liburuak argitaratzen ere jarraitzen du.
2014an iritsi zen berriro ere aldaketa Jakinera. Orduan, Lorea Agirrek hartu zuen zuzendaritza, eta Torrealdai Jakin fundazioaren lehendakari izendatu zuten.