Hiru pertsona atxilotu dituzte Bermeon, etxebizitza batean lapurreta egiten saiatzeagatik
Segurtasun Sailak gaur jakitera eman duenez, Ertzaintzak 26, 40 eta 42 urteko hiru gizonezko atxilotu zituen atzo Bermeon, ustez etxe bateko sarraila indarrez ireki eta lapurreta egiten saiatzeagatik.
Iturri berberetik zehaztu dutenez, 17:30ak aldera zibilez jantzitako ertzainek bi gizonezko eraikin bateko atari aurrean “jarrera susmagarri batekin” ikusi zituzten. Hori nabarituta, gizonezkoei jarraitzea erabaki zuten.
Horretan ari zirela, beste gizonezko bat eraikin aurreko autobus geltokian zelatatzen zebilela ikusi, eta beste susmagarrien laguntzailea zela igarri zuten.
Atxilotuetako bi eraikin barrura sartu zirenean, zelatatze lanak egiten ari zirena identifikatzera joan ziren ertzainak. Agenteek laguntza eskatu zuten, eta euren kideak agertu ostean eraikinera sartu ziren.
Bi gizonezkoak hirugarren solairuan aurkitu zituzten. Ertzaintzak azaldu duenez, “susmagarriek ez zuten egiten ari zirenaren azalpen koherenterik eman”.
Euretako batek bihurkin bat zuela ikusi zuten agenteek. Eraikina arakatzen zebiltzala, etxebizitza bateko atean koskak ikusi zituzten ertzainek. Jakitera eman dutenez, koska horiek susmagarriaren bihurkinaren forma berbera zuten.
Segurtasun Sailetik adierazi dutenez, atxilotuak izapideak bete ondoren epailearen aurrera eramango dituzte.