Elantxobeko emakumezkoen taldean aritzeko deialdia egin dute
Hirugarren denboraldia hasi dute dagoeneko Elantxobe Arraun Taldeko neskek, eta taldea osatzeko arraunlari falta ikusita, eurekin entrenatzera animatu dituzte eskualdeko emakumeak.
Urrian hasi ziren entrenatzen, eta gaur gaurkoz, hiru arraunlari eta patroia daude. Aurrekoetan moduan, denboraldi honetan ere, Elantxobegaz batel eta trainerilla ligekin hasiko dira lehian, eta ondoren, traineruetan aritzeko asmoa dute. Hain zuzen, aurreko denboraldian Lea-Artibai taldean egon ziren euretako hiru, eta oraingo honetarako aukera aztertzen ari dira. Agian, Deustuko taldeagaz bat egingo dutela adierazi dute. Baina, oraindik erabakia hartu gabe daukate. “Gutxienez beste kide bat behar dugu batelean aritzeko taldea osatzeko”, zehaztu dute. Eurekin harremanetan jartzeko telefono zenbaki hau eman dute: 667 29 77 49.
Denboraldi honetan, maila desberdinetan, jende berria hasi da Elantxoben entrenatzen, eta tartean, 14-16 urte bitarteko hiru neska daude. Baina, horiek ezin dira seniorren nesken taldeagaz lehiatu. “17 urtetik gorako neskak animatu gura ditugu, batik bat kirolariak direnak edo izandakoak, eta arraunean esperientzia badute, askoz hobeto”. Izan ere, gogor entrenatzen dute, eta horregatik, fisikoki ondo egotea ezinbestekoa da. Astelehenetan, eguaztenetan eta ostiraletan 18:00ak aldera hasten dira lanean, eta domeka goizetan ere elkartzen dira entrenatzeko. Eguraldia lagun badute, Gernikako errekan aritzen dira, eta bestela, Elantxobeko gimnasioan egoten dira.
Taldekako kirol honek “harrapatuta” dauzkala diote arraun taldeko neskek: “Gogorra da, baina, oso polita aldi berean”. Trainerurako beti talde desberdinak batu behar izaten direla azaldu dute: “Ikusten dugu ez dagoela behar beste emakume. Guk Elantxobe moduan ezin dugu trainerurik atera, gutxi garelako, baina, taldeak ere gure bila etortzen dira, ez dutelako jende nahikorik. Denboraldia aurrera joan ahala, taldeak hankamotz geratzen dira. Esaterako, gertatzen da traineru batean hogei arraunlarigaz hasi, eta denboraldi amaierarako hamahirugaz geratzea”.
Beste taldeekin aritzearen esperientzia “oso polita” dela azpimarratu dute. Horiekin sei egun astean entrenatzea gogorra dela diote, baina, gogobete egiten die. “Giro polita sortzen da. Profesional moduan aritzen gara, baina, zaletasun bat da berez; ez dugu dirurik lortzen. Denbora eskaini behar zaio, eta lanak zein beste hainbat faktorek eragina dutenez ez da erraza jendea lortzea”.