Euskaraldiari ongietorria emateko prestatzen ari dira
Euskararen 11 egunak iristear daudela, eskualdeko herrietan Euskaraldiari hasiera emateko prestaketak egiten dabiltza azken hileotan. Bermeon, esaterako, ekimenaren aldeko argazkia atera dute udalbatzak, udal korporazioak eta langileek.Azaldu dutenez, ...
Azaldu dutenez, herri mailako euskararen normalizazioan «eragile garrantzitsua» da udala. Horren erakusgarri jarri dute udaleko 100 langile baino gehiagok eta udal korporazioko kide guztiek Euskaraldian izena emateak. Gehienak Ahobiziak izango dira. «Euskararen alde egotetik, gehiago egitea izango da udalaren jausia; gure harremanetan hizkuntzagaz ditugun inertziak astintzea eta gure arteko komunikazioetan eta herritarrekiko komunikazioetan euskara gehiago egitea».
Bermeo herri euskalduna izan dela eta izaten jarraitzeko herritar guztien ekarpena beharrezkoa dela adierazi dute: «Norbanako, erakunde, elkarte edota enpresekin ia 2.000 herritarrek izena eman dute. Herritar guztiak Ahobizi edo Belarriprest izatera animatu nahi ditugu».
Euskaraldiarekiko jarrera aktiboa erakusteko, Auntxekutan bai izeneko bideoa prestatu du udalak. «Bideoa urrats bat gehiago da euskarak nagusitasuna eta indarra hartzeko esparru publikoan zein herri mailan».
Bideoan agertzen diren protagonisten bitartez, herritarrak eta udalak egiten ari diren ahaleginari ikusgarritasuna eman, eta aldi berean euskararen aldeko hizkuntza-arau sozialari protagonismoa eman gura izan diote.
Txapa banaketa
Beste alde batetik, Muxika, Ibarruri eta Gorozikako Euskaraldiako kideek jakitera eman dutenez, herritarrek txapak jaso ahalko dituzte bihar, 16:00etatik 20:00etara bitartean, Zubieta Errotan.
Mundakan, bi hitzordu jarri dituzte. Barikuan 19:30ean ariko dira txapak banatzen plazan. Zapatuan, berriz, Goiko Plazan egongo dira, 12:00etatik aurrera. Euria eginez gero, plazan egongo direla zehaztu dute.
Markina-xemeindarrek barikura arte udaletxeko harreran eskuratu ahal dituzte 09:00etatik 13:30era. Azaroaren 19tik 23ra, berriz, Herri Bibliotekan ere jaso ahal izango dituzte, goiz eta arratsaldez.
Aulestin, bestalde, prestaketa tailerra emango dute zapatuan, 11:00etan, udaletxean. Ahobiziek eta Belarriprestek zelan jokatu behar duten landuko dute. Euskaraldian izena emandakoek euskaraldiaaulesti@gmail.com-era idatzi edo jaso duten mezuari erantzun behar diote.