Bertso triki poteoa egingo dute udalerriko bost txokotan
Laugarren urtez, bertso triki poteoa egingo dute Muxika, Ibarruri eta Gorozikako txokoetatik zapatuan. Parte hartu nahi dutenentzat 17:00etan jarri dute hitzordua Kurtzeron.Handik, autobusean aterako dira gainontzeko txokoetara. Aurten, iazko moduan, u...
Handik, autobusean aterako dira gainontzeko txokoetara. Aurten, iazko moduan, udalerriko bost txokok parte hartuko dute pintxo lehiaketan; hain zuzen, Maume, Eleizalde, Ibarruri, Ariatza eta Gorozikako txokoek izena eman dute.
Eleizaldeko txokoa izango da lehenengo geralekua, eta handik Maumera, Ariatzara, Ibarrurira eta Gorozikara joango dira. Leku bakoitzeko txoko bakoitzak pintxo bat aurkeztuko du lehiaketara; nork bere gustukoa.
Giro bikaina
Bakoitzean pitxoa jateaz eta potea hartzeaz gain, giro onaz gozatzeko aukera ere edukiko dute parte hartzaileek. Izan ere, orain lau urte bultzatutako ekimenak herritarrak elkarregaz batzea eta udalerriari bizitasuna ematea du helburu. Iaz, Ariatzako Atxelipek jantzi zuen txapela, baina lehiaketak ez du lehia bilatzen, lagun arteko giroa baino.
Giroa are gehiago hobetzeko asmoagaz, bertso triki poteora animatzen diren herritarrek Onintza Enbeita eta Asier Galarza bertsolari muxikarren eta Ibai Amillategi gernikarraren konpainia ere izango dute egun horretan. Bertsolariekin batera, einGO taldeko kideek eta beraien doinuek alaituko dute zapatu iluntzea.
Zapatuko bertso triki poteoagaz gozatu nahi dutenek, baina, izena eman beharko dute Zubieta Errotan, eta 2 euro ordaindu beharko dituzte parte hartzeagatik. Bihar da zapatuko ekimenean parte hartzeko izena emateko azkenengo eguna.